"Herritarron konpromisoari esker, errauskailua ez da beharrezkoa izango, ez Zubietan ez inon"

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 13a, 00:00

Hilabete gaur, abenduak 13, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Foru Aldundiak eta errauste planta eraiki asmo zuen enpresa taldeak, Zubietan kokatu asmo zegoen egitasmoa bertan behera uzteko akordio historikoa adostu zutenetik. 

Ostiral honetan hain justu, hedabideen aurrera agertu dira, erraustegiaren arrisku eremuan kokaturik zeuden udalerrietako alkate eta zinegotziak. Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpurua tartean. Azaroaren 13an errausketaren aroa itxi zuen akordio historiko haren harira, bost puntuko adierazpen instituzionala irakurri dute hedabideen aurrean. 

Lehen hitzak, zorion hitzak, herritarrentzat "errauste plantaren mehatxua desagertu egin delako", herritarrek birziklatzearen alde eginiko apustuari esker. Egundoko albistetzat jo dute proiektu hau behin betiko atzean utzi izana, osasuna baita euren esanetan, "irabazten aterako dena". Eta baita herritarren poltsikoak ere, "proiektu osoa 400 milioikoa izanik, jasan ezina zen gure ekonomiarako". Eta orain, hondakinen kudeaketan zabaldu den birziklapenaren aro berri honetan, ardura eskatu diete herritarrei. Arduraz jokatzeko etxeko hondakinak sailkatzerakoan. Eta zero zabor norabidean aurrera egiteko konpromisoa hartu dute.

Hona hemen, alkate eta zinegotziok abenduaren 13 honetan ezagutzera eman duten adierazpen instituzionala, bere osotasunean:


ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Usurbil, Andoain, Astigarraga, Donostia,  Hernani eta Lasarteko alkateek, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak errauste planta bertan behera uzteko lortu duen akordioaren aurrean zera esan nahi dugu:

  1. Zubietako plantaren arrisku eremuan bizitzeko kondenatua zeuden herritar guztiak zoriondu nahi ditugu errauste plantaren mehatxua desagertu egin delako. Urte luzez sufritu behar izan dugu horrelako planta toxiko baten mehatxua, baino dagoeneko esan daiteke mehatxu hori iragana dela.
  2. Bereziki, herritar guztien osasuna da erabaki horrekin irabazten aterako dena. Jakina da horrelako planta batek toxikoak isurtzen dituela ingurumenera eta minbiziagatiko heriotza tasa 9 aldiz handiagoa dela erraustegi planten inguruan dauden herrietan. Gure herriak arrisku eremu horretan sartuta zeudenez, errauste planta Zubietan ez egitea guretzat eta gure seme-alabentzat egundoko albistea da.
  3. Eta badaude beste arrazoiak errauskailua ez egitea denon zorionerako dela baieztatzen dutenak. Alde batetik, krisi garai honetan arrazoi ekonomikoa azpimarratu behar dugu, proiektu osoa 400 milioikoa izanik, jasan ezina zen gure ekonomiarako. Gainera, Europak dio 2020rako birziklatu daitekeena ezin dela erre. Eta esan behar da, errauskailua ez dela egin batez ere beharrezkoa ez delako, hau da, Gipuzkoan dagoeneko ez delako sortzen horrelako azpiegitura erraldoi batek behar izaten duen hondakin kopurua, eta hondakinak inportatu beharko lirateke bideragarria izateko. 
  4. Errausketan oinarritutako kultura batetik birziklapenaren kulturara pasatzeko ezinbesteko mugarria zen errauskailuaren mamua desagertzea. Garai berri hauetan, herritar guztien ardura da etxean hondakinak ahalik eta hoberen sailkatzea. Zentzu horretan, Gipuzkoa osoan zabaldu den birziklatzearen aldeko olatua izan da, azken finean, errauskailuaren proiektua bertan behera utzi duena. Herritarron konpromisoari esker, errauskailua ez da beharrezkoa izango, ez Zubietan ez inon.
  5. Bukatzeko, errauskailua bertan behera utzi izanak ez du esan nahi bidea amaitu denik. Guztiz kontrakoa, gure udalek Zero Zabor norabidean aurrera pausuak ematen jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu. Baino denon artean lortzen ari garen guztia ezinezkoa izango litzateke baldin eta herritarrak bere etxean, egunero, gaikako sailkapenarekin duzuen konpromiso txiki hori gabe.