Eskubide sozialen inguruko lanketa prozesuari ekiteko prest

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 13a, 00:00

Eskubide sozialak defendatuko dituen herri mugimendu berria aurkeztu dute gaur iluntzean frontoian. Euskal Herriko Eskubideen Karta Soziala eratzeko lanari ekingo dion herritarren bilgune berria. Etengabe urratzen ari diren hainbat eskubideren aurrean, egoera iraultzera datoz; elkarlanean "herritarron eskubideak erdigune izango dituen herri baterantz bidea urratzen hastera goaz" iragarri dute. Eta usurbildarrei bide horretara batzeko deia luzatu zaie gaurko aurkezpenean. "Herritarroi gonbita luzatu, prozesua zuona egin eta parte hartzeko", adierazi dute. 

Aipatu bide hau jorratzeko hain zuzen, parte hartze prozesua abiatuko dute egun gutxi barru. Asteartean, abenduak 17, lehen batzar irekia deitu dute, iluntzeko 19:00etan Potxoenean. Prozesuan zehar, eskubideen inguruko eztabaida bideratu nahi dute, eta gero eskubide horiek betearaztea exijitu asmo dute, "eskubideok bermatzeko tresnak sortuz".

Lanketarako, eskubide urraketa adina arlo
Eztabaida prozesua lau esparrutan banatu asmo dute; gazteak, emakumeak eta pentsionistak batetik. Eta falta den laugarren esparrua, batzar orokorra litzateke, "sektore, eragile, nahiz norbanakoen ekarpenak jasoko direnak". Denetariko gai sozialak jorratuko dituzte; lurralde eta ingurumen eskubideak, lanari lotutako eskubideak, eskubide ekonomikoak, eskubide sozialak, bizitzaren mantentzea, parte hartzea, emakumeen indarkeria ezarako eskubidea, jatorri aniztasuna, aniztasun funtzionala, hizkuntza eskubideak edotasun aniztasun sexuala.

Argi dago, bada zer landua. Jendarteak pairatu behar dituen eskubide urraketak egunerokoak diren seinale, gaurko aurkezpen ekitaldian nabarmentzen zutenez. "Herritarrok eskubide urraketa etengabea pairatzen ari gara finantza krisiaren aitzakiapean. Langabezia tasa igotzen ari da, pentsioak murrizten, zerbitzu sozialak murrizten eta horrekin, emakumeak publikoak izateari utzi dioten hainbat zerbitzu betetzera etxeetara bideratzen, gazteok gurasoen magaletatik irtetea geroz eta zailagoa dugu, eta hezkuntza kalitatea ere kaltetzen ari da. Esandakoa, aipatutako urraketa eta murrizketek, gure eskubide sozialen murrizketaren isla dira", adierazi dute. 

Asteartean lehen batzar irekia
Eta hortik herri mugimendu berri honen sorrera. Egoera honi aurre egiteko, eskubide sozialen inguruko eztabaida bideratuko dute, asteartean abiatuko den parte hartze prozesuarekin. Eta eskubideon inguruan hitz egin bakarrik ez, eskubideok betearazi eta bermatzeko tresnak ere landu asmo dituzte. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzera doaz.

Abiatzear den parte hartze prozesu honi buruzko zehaztasun guztien berri, aipatu moduan, datorren asteartean (abenduak 17), iluntzeko 19:00etatik aurrera Potxoenean.

Informazio gehiago: www.eskubidesozialenkarta.com