"Oraingoan elkartasuna izango da landuko duten gaia, eta horretarako, Txernobyletik datorren laguna jaso nahi dute aireportuan. Euren furgoneta Panpoxa ez dabil eta garaiz iritsiko ez ote diren beldur dira. Azkenean, arazoak atzean utziko dituzte jasoko duten laguntzari esker". Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Bizipoza" ikuskizun berriaren aurrerapen bat baino ez da.
Emanaldia ikusteko gogoz denak, apuntatu dezala agendan. Urtero moduan, Argiaren Adiskideak taldekoen eskutik Oiardo Kiroldegira dator pailazo taldea, larunbat honetan, abenduaren 21ean, larunbatez. Emanaldi bikoitza eskainiko dute; lehenengoa, arratsaldeko 16:00etan hasita, eta bigarrena, 18:30etatik aurrera. Ikuskizunerako sarrerak aurrez egongo dira salgai 8 eurotan, Bordatxo tabernan eta Marije arropa dendan. Baita egunean bertan ere, 9 eurotan. 12 hilabete arteko haurrek sarrera doan izango dute.