"Senideon besarkada herritarrei", Santo Tomas Azoka egunean

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 16a, 00:00

Herritar guztiak gonbidatzen dituzte igande eguerdian 12:30etan Sutegin egingo den ekitaldi labur eta xumera. Herriko preso eta iheslarien berri eman eta talde eta norbanako ugariren aldetik jasotzen duten elkartasunaren balioa nabarmendu nahi dute senideek. "Izan ere, urteak joan eta urteak etorri, gure senideen eskubideen defentsan egiten ditugun ekimenetan bidelagun mordoa dugu. Ez hori bakarrik, haiek ere beren aldetik hainbat ekinbide eramaten dituzte aurrera helburu berarekin. Horrek guztiak sekulako laguntza eta indarra ekartzen digu eta hala aitortu nahi dugu igandeko ekitaldiaren bitartez", berri eman dute, hitzordua antolatu duen Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik. 

Aipatu moduan, herritar guztiak gonbidatzen dituzte igande eguerdiko 12:30etan Sutegin egingo den ekitaldira.

URTARRILAREN 11RAKO ATXIKIMENDUAK
"Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" lemapean, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioa deitu du "Tantaz Tanta" ekimenak, urtarrilaren 11rako Bilbon. Ez da ohiko manifestazio handi bat izango, antolatzaileek sakabanaketaren aurkako itsaso handi bat osatzera joateko gonbita luzatzen diete herritarrei. Mobilizazio egun horri begira, norbanakoen atxikimenduak biltzen ari dira Tantaz Tanta ekimeneko web gunean: www.tantaztanta.info