Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren lanketa, eta oro har, eskubide sozialen defentsa bideratu asmo duen parte hartze prozesua abiatuko da gaur 19:00etan, Potxoenean deitu duten lehen batzarrarekin. Eskubideon lanketarako bilgunea bera iragan ostiral iluntzean aurkeztu zuten frontoian.
Etengabe urratzen ari diren hainbat eskubideren aurrean, egoera iraultzera datozela iragarri zuten; elkarlanean "herritarron eskubideak erdigune izango dituen herri baterantz bidea urratzen hastera goaz". Eta usurbildarrei bide horretara batzeko deia luzatu zieten: "Herritarroi gonbita luzatu, prozesua zuona egin eta parte hartzeko".
Aipatu bide hau jorratzeko hain zuzen, parte hartze prozesua abiatuko dute astearte honetarako batzarrarekin. Prozesuan zehar, eskubideen inguruko eztabaida bideratu nahi dute, eta gero eskubide horiek betearaztea exijitu, "eskubideok bermatzeko tresnak sortuz".
Lanketarako, eskubide urraketa adina arlo
Eztabaida prozesua lau esparrutan banatu asmo dute; gazteak, emakumeak eta pentsionistak batetik. Eta falta den laugarren esparrua, batzar orokorra litzateke, "sektore, eragile, nahiz norbanakoen ekarpenak jasoko direnak". Denetariko gai sozialak jorratuko dituzte; lurralde eta ingurumen eskubideak, lanari lotutako eskubideak, eskubide ekonomikoak, eskubide sozialak, bizitzaren mantentzea, parte hartzea, emakumeen indarkeria ezarako eskubidea, jatorri aniztasuna, aniztasun funtzionala, hizkuntza eskubideak edotasun aniztasun sexuala.
Argi dago, bada zer landua. Jendarteak pairatu behar dituen eskubide urraketak egunerokoak diren seinale, iragan ostiraleko aurkezpen ekitaldian nabarmentzen zutenez. "Herritarrok eskubide urraketa etengabea pairatzen ari gara finantza krisiaren aitzakiapean. Langabezia tasa igotzen ari da, pentsioak murrizten, zerbitzu sozialak murrizten eta horrekin, emakumeak publikoak izateari utzi dioten hainbat zerbitzu betetzera etxeetara bideratzen, gazteok gurasoen magaletatik irtetea geroz eta zailagoa dugu, eta hezkuntza kalitatea ere kaltetzen ari da. Esandakoa, aipatutako urraketa eta murrizketek, gure eskubide sozialen murrizketaren isla dira", adierazi zuten.
Karta Soziala osatzera doaz
Eta hortik herri mugimendu berri honen sorrera. Egoera honi aurre egiteko, eskubide sozialen inguruko eztabaida bideratuko dute, gaur abiatuko den parte hartze prozesuarekin. Eta eskubideon inguruan hitz egin bakarrik ez, eskubideok betearazi eta bermatzeko tresnak ere landu asmo dituzte. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzera doaz.
Abiatzear den parte hartze prozesu honi buruzko zehaztasun guztien berri, aipatu moduan, astearte honetan, abenduak 17, iluntzeko 19:00etatik aurrera Potxoenean.
Informazio gehiago: www.eskubidesozialenkarta.com