Jasotako materialaren %50 berrerabiltzea lortu du Eginklik! taldeak

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 17a, 00:00

Hilabete eta erdiko ibilbidea osatu du jada, informatika gaien berrerabilpena sustatzen duen bilguneak. Emaitza onekin gainera. Pozik asko dira ordenagailu ekipo zaharrak jaso, konpondu eta behar dutenen artean doan banatzen aritzen den Eginklik Usurbilgo lan talde berriko kideak.

Ez zaie lanik falta. “Egoera desberdinetan ziren 8 ekipo jaso ditugu. Dagoeneko, 3 ekipo entregatu ditugu, laster laugarrena. Honek esan nahi du %50 berrerabiltzea lortu dugula, ez da emaitza makala!”, diote Eginklik! taldetik. Lorpena halere haratago doa. Hasieratik NOAUA! bidez ere egin zuten eskaeretako bat bete baita; egoitza finko bat dute. “Jada lortu dugu, gure lana aurrera eramateko lokal egoki bat. Eskerrak eman nahi dizkiogu udaletxetik lagundu diguten pertsona guztiei. Bestetik ere, jaso dugun harrera oso positiboa dela ikusten dugu. Eskerrik asko emaile guztiei!”, adierazi dute.

ESKERTZA
Ordenagailu ekipo zaharrak jaso, konpondu eta behar duenari doan ematen dion egitasmoa martxan dute beraz eta hasitako bideari gogotsu jarraitzeko prest daude, “Olentzerori gurekin gogoratzea eskatzen diogu, baita zurekin ere… Eskerrik asko Usurbil eta gabon onak pasa”, desioa luzatu diete herritarrei. Gogoan izan, honako bide hauetatik jar zaitezkete harremanetan Eginklik! taldekoekin:

E-posta: eginklik@gmail.com
Telefono zenbakia: 649 211 665 (Mikel, arratsaldez deitu).
Edo bestela, Kaxkoan kalean aurkituko dituzue.