Ixabel Agirresarobe kontu kontari, igandeko Santo Tomas Azokan

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 17a, 00:00

Etxeko txikienek gune goxo askoa izango dute aurtengo Santo Tomas Azokan. Haurrentzako txokoa kokatuko baitugu Dema plazan. Eta bertan, bide luzea jorratu duen ipuin kontalari bat zain izango dute haurrek, tarte goxo askoa igarotzeko; Ixabel Agirresarobe. Usurbildarrak NOAUA!ri aurreratu dio jada, gutxi asko, zeren inguruan jardungo duen kontu kontari. "Ezagutzen dut Donostiako Tomaxa izeneko amon bat, oso maitea dudana. Hark kontatzen dit urteetan Santo Tomasetan nola ibili den. Berak han gertatutakoak eta berari kontatu dizkioten kontuak ekarriko ditut Usurbila", aurreratu du Agirresarobek.

Igande goizeko 11:30etan Dema Plazan egongo da ipuin kontalari usurbildarra, haurrei harrera egin, eta istorio polit askoak kontatzen hasteko prest. Gonbita ere luzatu nahi die, haur, guraso, gazte eta helduei. "Ahal duen guztia baserritarrez jantzita etor dadila, jaialdiari kolore pixka bat emateko", animatu ditu herritarrak NOAUA! bidez.

Ipuin kontaketa saioarekin batera, izango da bestelako hitzordurik ere abenduaren 22ko Santo Tomas Azokan:

Abenduak 22, igandea
Goizean zehar:
-Jan edana; sagardoa, gaztainak, taloak, pintxoak dastatzeko aukera.
-NOAUA!ko postua: produktuen salmenta eta bazkidetza egiteko aukera.
-Perratze lanen erakustaldia.

11:30 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saio Dema plazan.
12:00 Santo Tomasetako kantu-jira.
12:30 “Senideon besarkada herritarrei” ekitaldia Sutegin.
Ondoren, Nafartarrak taldekoen ekitaldia.
Gero, sagardo eta babarrun txapelketetako sari banaketa.