Zubietan eraiki asmo zuten errauste planta behin betiko bertan behera geratu dela ospatzeko, "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdia antolatzen ari dira Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) eta herrietako zero zabor taldeak. Musika, dantza eta kale animazioak giroturiko festa eguna izango dugu, abenduaren 29an Usurbilen. ZZ taldeek urteotan bidelagun izan dituzten herritar guztiekin ospatu nahi dute, errausketaren aroa itxi dela eta aurrera begira, zabalik dugula zero zabor bidea.
Abenduko azken igande horretarako zenbait zehaztasun aurreratu dituzte jaialdiko egitaraua lotzen dabiltzan eragileek. Eguna hasteko, mendi martxa antolatu dute errauste planta eraiki asmo zuten gunera. Eta gero, goiz erditik aurrera, Kaxkoko bi guneetara lekuz aldatuko da jai giroa: frontoira eta Askatasuna plaza bueltara. Pilotalekua haurren gunea izango da. Pailazo edota ipuin kontalariak gonbidatu asmo dituzte antolatzaileek. Askatasuna plaza aldiz, musikaren gunea. Musikari ezberdinek zuzenean abestuko dute, "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdian.
FLASHMOB ETA MUNDUMOB SAIOAK
Jaialdiko hitzordu garrantzitsua ordea, eguerdi parterako dago iragarria pilotalekuan. 13:00ak aldera ekitaldi nagusia burutuko da bertan. Eta gero, denak dantzara! Bai, dantzara. Gogoan izango duzue iragan maiatzean “Hartu eman nahi duzun mundua” lelopean ospatu zen Mundumob ekimena. Edota duela bi urte, 2011ko martxoan Zubietako errebote plazan grabatu zen Flashmob ekimena. Bi koreografia hauen erritmora borobildu nahi dute zero zabor taldeek, abenduaren 29ko jaialdia.
Flashmob edo Mundumob ekimenetako pausoak ahaztuak dituzuenok lasai, Mikel Erguin koreografoa bueltan dator eta Usurbila. Jaialdian zehar, pausoak ikasteko edo berriz gogora ekartzeko entsegu saio desberdinak gidatuko ditu Erguinek.
EGITARAUA
Momentuz beraz, hauxe duzue, abenduaren 29ko "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdiko behin behineko egitaraua:
9:00 Mendi martxa Mikel Laboa plazatik errauste planta eraiki asmo zuten eremura. 2 ordu inguruko ibilaldia.
Goizean zehar, kale animazioa eta jan edana. Flashmob eta mundumob ekimenak prestatzeko entsegu saioak.
11:00 Ekimenak bi gune ezberdinetan:
-Frontoian: haurren gunea. Pailazoak, ipuin kontalariak… egongo dira.
-Askatasuna plazan: musikaren gunea. Musikari ezberdinen ekarpena.
13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.
Ondoren, dantzak: Mundumob eta Flashmob. Dantzak gogoratzeko, entsegu saioak goizean zehar.