Usurbilgo Udalak zero zabor taldeek abenduaren 29rako antolatu duten jaialdiarekin bat egin eta bertaratzeko gonbita luzatzen die herritarrei. Egunean zehar ospatuko diren ekitaldietako bat hain zuzen, Udalak berak deitu du. Abenduaren 29an, goizeko 11:00etan Artzabalgo parkean (baserri ondoan). Iragan abenduaren 5ean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Sutegin antolatu zuen ekitaldian, pago bat oparitu zitzaion Usurbilgo herriari, ondoko argazkikoa. Pago hau landatuko dute Artzabalgo hitzorduan.
Errauste planta proiektua behin betiko bertan behera geratu izana, Udalaren esanetan, “Gipuzkoarentzat eta Usurbilgo herriarentzat ere berri pozgarri dela zalantzarik ez dugu. Udalak herritar guztiokin ospatu nahi du hainbat urtetan usurbildarren aldarrikapenari erantzuna ematen dion gertaera hau. Usurbildar guztiak zoriondu nahi ditu, urte hauetan errauste planta ezartzearen aurka emandako urrats tinko eta jarrera gizatiar eta aurrerakoia eskertuz”.