Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadora, Ekologistak Martxan, Eguzki eta Gipuzkoa Zero Zabor, eragile guztiotako ordezkariak prentsaurrera agertu dira eguerdian, Donostiako Udalean. Ostegun honetakoa, agerraldi ezberdina izan da ordea. Ez zen, azken urteotan bezala, erraustegiaren aurkako mobilizazio edo ekimenik deitzeko ekitaldia. Zubietan eraiki asmo zuten egitasmoa bertan behera geratu baitzen azaroaren 13an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta enpresa eraikitzaileek akordio historikoa adostu zutenean.
Gaurko agerraldia, eragileen hitzetan "lorpen handi hori ospatzeko", abenduaren 29rako Usurbilen antolatzen ari diren jaialdia iragartzeko zen. "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdian parte har dezazuen gonbita egitera etorri gara", adierazi dute Donostiako udaletxean.
"SAIATZEAK AZKENEAN EMAITZA POZGARRIA IZAN DU"
Senideekin, lagun artean.... abenduko azken igandean Usurbila gerturatzeko deialdia egin diete, urte luzeetako ahaleginaren ostean, errauste planta gelditzea lortu duten guztiei. "Guztion artean gelditu dugu errauste planta. Milaka eta milaka herritarren bultzadak egin du posible. Bakoitzak bere erara. Eguneroko lanean, unean uneko kolaborazioen bidez, mobilizazioetan parte hartuz, ingurukoak gaiaren inguruan informatuz... Gutako bakoitzak dauka meritua lorpen handi honen gauzatzean. Horrexegatik, gutako bakoitzak bere lekua dauka "Nik ere erraustegia gelditu dut" izenburuarekin antolatutako jaian. Abenduaren 29an elkarrekin ospatzera dei egiten dizuegu", luzatu dute gonbita eguerdian.
Urte luzez hainbat deialdi eta ekimen bideratu dituzte, gaurko agerraldia deitu duten eragileek. Argi zioten, "saiatzeak azkenean emaitza pozgarria izan du. Guztion artean planta toxikoa bertan behera uztea lortu dugu, gelditu dugu. Gelditu dugu bai, guk, eta gurekin batera, aldarrikapenarekin modu batean edo bestean bat egin duzuen guztiok gelditu dugu", zioten.
Eta orain, milaka herritarrek eginiko bultzadaren ondorioz, errauste planta bertan behera geratu izana ospatzeko ordua heldu da. Abenduaren 29an, jaialdia Usurbilen:
"NIK ERE ERRAUSTEGIA GELDITU DUT" JAIALDIA
Abenduak 29, igandea
9:00 Mendi martxa Mikel Laboa plazatik errauste planta eraiki asmo zuten eremura.
Goizean zehar, kale animazioa eta jan edana. Flashmob eta mundumob ekimenak prestatzeko entsegu saioak.
11:00 Ekimenak bi gune ezberdinetan:
-Frontoian: haurren gunea. Pailazoak, ipuin kontalariak… egongo dira.
-Askatasuna plazan: musikaren gunea. Musikari ezberdinen ekarpena.
13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.
Ondoren, dantzak: Mundumob eta Flashmob. Dantzak gogoratzeko, entsegu saioak goizean zehar.
Oharra: behin behineko egitaraua da.
Antolatzailea: Gipuzkoa Zero Zabor.