San Silbestre lasterketarako izena eman dezakezue jada, Hurbilagoren web orri berrian

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 19a, 00:00

Eguberrietarako erakusleiho berria dute herriko saltoki eta tabernek. Hurbilago Elkarteak txoko bat baitu jada sarean, helbide honetan. www.hurbilago.com

Abaraska enpresak diseinaturiko Usurbilgo merkataritza eta ostalaritzaren atari berrian sartu eta izena eman dezakezue jada, abenduaren 31ko San Silbestre Herri Lasterketarako. Gogoan izan, urteko azken egunean ospatuko da kirol ekimen herrikoia. 17:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta. Doan apuntatu ahal izango duzue Hurbilago Elkartearen web orrialde berrian, baita elkarteko establezimenduetan ere.

San Silbestre lasterketari buruzko informazio gehiago, Hurbilagok sarean estreinatu duen atarian aurkituko duzue. Hurbilago Elkarteak aurrerantzean antolatuko dituen ekimenen informazioa ere jasoko dute; hala nola, Tipi-Taparen berri. Atari berriak aukera gehiago ere eskaintzen ditu. Saltoki bakoitzaren informazioa, produktu eskaintza... Baita Hurbilago Elkartearen edota denden promozioen berri ere. Hori bai, salerosketarik ezingo da egin atari berritik. Bezeroak saltokietara erakartzeko atari izateko jaioa baita hurbilago.com. Ez bezeroak saltokietara joateari utzi eta saretik salerosketak egitera bultzatzeko gunea. Beraz animatu, web orri bidez Hurbilagoko berri jaso, eta gero herriko dendetara, erosketak egitera.

GABONETAKO ZOZKETA
Martxan du Hurbilago Elkarteak. Zozketatuko dituzten opariak Sutegiko erakusketa aretoan dituzue ikusgai; mendiko bizikleta eder bat (Coluer Rave 270 markakoa), telebista bat (Grundig Led 40VLE630BH) eta tablet bat (Airis Onepad 735). Hiru opariok zuenak izan daitezke, abenduko erosketak Hurbilago Elkarteko establezimenduetan egiten badituzue. 10 euroko erosketa bakoitzeko txartel bat jasoko duzue saltokiotan. Zuen datu pertsonalekin bete eta jasotako saltoki bereko kaxan sartu. Eta gero, abenduaren 31ra arte itxaron. Urteko azken egunean ospatuko den IV. Hurbilago San Silvestre herri lasterketaren amaieran zozketatuko dira hiru opariok. 

OPARI TXARTELAK ESKURAGARRI
Hurbilago Elkartetik eguberriotan opariak egiten lagundu nahi diete herritarrei. Horretarako formula aproposa aurkitu du Hurbilagok; opari txartelena. Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduren batera jo, opari txartel bat eskatu, ordaindu eta dendariak, ekimen berri honetarako espresuki sortu dituzten opari txartel bat emango dio bezeroari, “zorionak!”, “maitasunez” edota “on egin!” dioten gutunazal ponpoxoetan sartuta. Opariak zozketatzeko edo opariak egiten laguntzeko proposamen ezin egokiagoa gabon hauetarako.