Ikasle eta irakasleak kalera irten dira, eguberriak heldu direla berri ematera

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 20a, 00:00

Hemen ditugu eguberriak. Gabonak ate joka ditugula lau haizeetara zabaltzen ari dira ostiral goiz honetan, Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleak. Denak ere hitzordurako egoki asko jantzita irten dira kalera gabon kantak abestera. Bi taldeetan banatu dira; Lehen Hezkuntzakoek Kalezarko buelta egin dute, DBHkoak Kaxkoan ibili dira. Gabon kantak abesteko hainbat geldialdi egin dituzte, batzuk zein besteek; frontoian edota Mikel Laboa plaza inguruan esaterako.  

Guneotan gurasoak ikusi ditugu, argazkilari lanetan, seme-alabak ahalik eta ondoen erretratatzen. Ikasle eta irakasleak berriz, ahots kordak dantza batean jartzen, gabon kantak abesten. Baina abeslariak musikari ere izan dira gaurkoan. DBH-ko irteeran esaterako, Susi Elosegi musika irakaslea laguntzen aritu da ikasle talde bat, musika instrumentu desberdinekin. Eta ohitura zaharrei eutsiz, ikasle talde bat kantaldia ikustera joandakoengana gerturatzen zen izara zuri batekin, diru-laguntza eske. Lehen Hezkuntzakoen irteeran ere irudi bera errepikatu da; Jaione Eskuderoren kitarra hotsak, Kalezartik Kaxkorako kalejiran zehar parte hartu duten trikitilarien doinuekin tartekatu dira. 

LH eta DBHko taldeek, eguraldiagatik behintzat ez dute kalejirako ibilbidea egokitu beharrik izan. Ateri eutsi dio. Ikastolan txistor jana egin ostean, gaur oporretara doaz denak. Atsedenerako merezitako bi aste dituzte aurretik. Urtarrilaren 7an itzuliko dira ikasgeletara.