Herritar guztiak gonbidatzen dituzte igande eguerdian 12:30etan Sutegin egingo den ekitaldi labur eta xumera. Herriko preso eta iheslarien berri eman eta talde eta norbanako ugariren aldetik jasotzen duten elkartasunaren balioa nabarmendu nahi dute senideek. "Izan ere, urteak joan eta urteak etorri, gure senideen eskubideen defentsan egiten ditugun ekimenetan bidelagun mordoa dugu. Ez hori bakarrik, haiek ere beren aldetik hainbat ekinbide eramaten dituzte aurrera helburu berarekin. Horrek guztiak sekulako laguntza eta indarra ekartzen digu eta hala aitortu nahi dugu igandeko ekitaldiaren bitartez", berri eman dute, hitzordua antolatu duen Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik.
Aipatu moduan, herritar guztiak gonbidatzen dituzte igande eguerdiko 12:30etan Sutegin egingo den ekitaldira.
URTARRILAREN 11RAKO ATXIKIMENDUAK
"Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" lemapean, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioa deitu du "Tantaz Tanta" ekimenak, urtarrilaren 11rako Bilbon. Ez da ohiko manifestazio handi bat izango, antolatzaileek sakabanaketaren aurkako itsaso handi bat osatzera joateko gonbita luzatzen diete herritarrei. Egun osoan ekitaldiak izango dira. Mobilizazio egun horri begira, norbanakoen atxikimenduak biltzen ari dira Tantaz Tanta ekimeneko web gunean: www.tantaztanta.info
"DENAK ALA INOR EZ!"
Presoen eskubideen aldeko ekarpenetik haratago joan nahi duen gazte dinamika berria da "Denak ala inor ez". Gatazkaren konponbiderako, “euskal preso eta iheslari politiko guztiek lehen mailako agente politiko izan behar dutela aldarrikatzera gatoz”. Zenbait ekimen deitu dituzte eguberriotarako:
Abenduak 24, asteartea
17:30 Olentzero jira.
Abenduak 27, ostirala
20:00 Preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Abenduak 31, asteartea
17:00 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa, Mikel Laboa plazatik. Lasterketara, "Denak ala inor ez" dioten kamiseta urdinekin joateko deia.
Urtarrilak 3, ostirala
19:00 Bertso musikatuen saioa, Aitzaga aurrean.
Urtarrilak 4, larunbata
Egunean zehar, Denak ala inor ez eguna, frontoian eta Usurbilgo Gaztetxean.
Urtarrilak 11, larunbata
“Tantaz Tanta itsasoa gara” ekimena Bilbon. Hara joateko autobusa Usurbildik.