Ondoko irudian duzue, Haur Hezkuntzakoak ikastola atzeko frontoira irteten hasi direneko unea. Kaxkoan zehar, kantuan aritzekoak ziren, baina emanaldia hasi aurreko orduan euria ari zuela eta, azken orduan, ekitaldia Agerialde atzean eskaintzea erabaki dute. Argazki eta bideo kamerak eskutan hara igo dira HHko ikasleen hainbat senide. Ikasle eta irakasleak, Olentzero eta diru bilketara maindire zuri eta guzti irten dira gabon kantak abestera, Jaione Eskudero musika irakaslearen gidaritzapean.
Haur Eskolak hartu du arratsaldean, gabon kantak abesteko lekukoa. Mari Domingi, Olentzero eta asto eta guzti abiatu dira Haur Eskolatik frontoi aldera. Bidean hainbat geldialdi egin dituzte hezitzaile, haur eta gurasoek, gabon kantak abesteko. Aipaturikoa, frontoian amaitu dute ibilbidea, jan edanarekin, festa giroan.
OSPAKIZUNAK SANTUENEAN, ENTSEGU SAIOA ZUBIETAN
Aurten larunbatez egokitu da Santo Tomas Eguna. Bezperan, gaur arratsaldean txistor jana antolatu dute Santuenean. Bertako auzo elkarteak iluntzeko 19:00etarako jarri du gabon giroko hitzordua.
Bestalde, abenduaren 24an Zubietako gabon eskean ateratzeko entsegu saioa antolatu dute gaur iluntzeko 19:00etarako Kaxkapen (Zubietako frontoi atzealdeko egoitzan).
Gaur ikasleak atera badira eguberrietako kantak abestera, datorren asteartean, abenduak 24, herritarren eta eragileen txanda izango da. Eguberrien oihartzuna txoko guztietara zabalduko da, eguberri bezperan:
ABENDUAK 24, ASTEARTEA
9:30 Aginagan: eliza paretik irteera, etxez etxe. Antolatzaileak: aginagarrak.
16:00 Zubietan: gabon eskea, Artzabaletatik abiatuta. Antolatzailea: Zubieta Lantzen.
17:00 Kaxkoan: Parrokiakoen irteera. Antolatzailea: Parrokia.
17:30 Kaxkoan, Olentzero jira: preso eta iheslarien eskubideen aldeko Olentzero, Mikel Laboa plazatik abiatuta. Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Kantu Taldea.
18:00 Santuenean: Olentzeroren irteera auzo elkartetik. Antolatzailea: Santuenea Elkartea.
19:00 Kaxkoan: Olentzero taldeen topaketa frontoian, Olentzero eta Hator Hator kantatzeko.