Aurtengoa, azoka entretenitua

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 22a, 00:00

Dema plaza eta frontoi ingurura gerturatuta, nora begiratu, bazen bai zer ikusia. Aurtengo Santo Tomas Azoka askorako ematen ari da. Ixabel Agirresarobe ipuinak kontatzen aritu da haur eta gurasoei. Asteasuko Olarreaga Goiko baserritik etorritako Joxe Aizpurua Bizkarreko idi parea perratzeko lanetan aritu da. Erakustaldira hainbat herritar gerturatu dira. Frontoian berriz, besteak beste, NOAUA!ko postuan bazkidetza egiteko aukera dago.

Usain goxo askoa dario gaurko azokari. Dema plazan sartu eta ezkerrera gaztainak saltzeko postua dugu. Eta eskuinera, frontoian, talogileak, Udarregi Ikastolako ikasleak postre goxo askoz hornituriko postuan, edota NOAUA!k pintxo eder askoak prestatu ditu, goserik ez pasatzeko. Sagardorik edo sagarrekin eginiko produkturik ez da falta frontoian.

Azken txanpan da Santo Tomas Azoka. Minutu gutxi barru banatuko dira, babarrun eta sagardo txapelketetako sariak. Epaimahaia txapeldunak nortzuk izango diren erabakitzear da. Gogoan izan, aurten parte hartzeak marka guztiak hautsi dituela. 55 babarrun ekoizle eta 20 sagardo ekoizle ditugu lehian. Aurretik, Zuberoako Sohüta herrian dagoen Eperra ikastolaren alde, Nafartarrak taldekoek azken asteotan bideratu duten elkartasun kanpaina borobilduko dute, ekitaldi berezi baten bidez. Bertan emango dute, Zuberoako produktuz hornituak zeuden otarren salmentatik jaso duten laguntzaren berri. Pozik dira, aspaldiko erantzunik hoberena eman baitiote usurbildarrek, elkartasun kanpainari.