Presoen eskubideen aldeko ekarpenetik haratago joan nahi du Usurbilen martxan jarri den gazte dinamika berriak. Gatazkaren konponbiderako, “euskal preso eta iheslari politiko guztiek lehen mailako agente politiko izan behar dutela aldarrikatzera gatoz”. Testuinguru honetan, ekimen sorta antolatu dute eguberriotarako, urtarrilaren 11n Tantaz Tanta ekimenak Bilbon deitu duen mobilizazio erraldoiarekin bat egiteaz gain.
NOAUA!?Zer ezaugarri ditu gazte dinamika berri honek?
Denak ala inor ez: Hasteko eta behin, behar beharrezkoa da ulertzea Euskal Herrian nazio gatazka konpontzeko bidean garela eta urratsak ematen jarraitzeko ziegan zein erbestean bahituta dauden preso eta iheslariak askatzea lehentasunez eman beharreko pausua dela. Izan ere, berauek gatazkaren ondorio eta konponbidearen parte diren neurrian bidelagun behar baititugu konponbideari bultzada emateko. Horretarako, noski, bi kolektibo hauei ezarritako salbuespen neurri guztiak gainditu eta dagokien izaera politikoa eskuratu behar dute. Ekinbide honetan, gazteok ere lekukoa hartu eta gure ekarpenak egitera gatoz “Denak ala inor ez!” gazte dinamikaren baitan. Dinamika zabal honek gazteria osoaren konpromisoa izango du oinarri, guztiok baikara beharrezko aurrera egiteko, bat inon loturik deino ez baikara aske izango.
Preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekarpena egin asmo duzue. Ekarpen hori zer modutan gauzatuko duzue?
Lehen azaldu moduan, ez gatoz preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekarpen soila egitera, baizik eta gatazkaren konponbide integralerako, hau da, nazio eta erabakitzeko eskubidearen ukapena gainditzeko, euskal preso eta iheslari politiko guztiek lehen mailako agente politiko izan behar dutela aldarrikatzera gatoz eta konponbide hau benetakoa bada, euskal preso eta iheslari politiko guztiek etxean eta libre egon beharko dute, lehenengotik azkenengoraino. Hau esanik, gazte anitzen konpromiso maila ezberdinak uztartu asmo dituen ekarpenak batu nahi ditugu, egoera salatzeko ekimenak egin edota preso eta iheslariekin harremanak sendotuaz esaterako. Hamaika modu daude norberak bere ekarpena egiteko, garrantzia ekarpen hori egin gabe ez geratzean datza.
Zein da egun euskal preso eta iheslariek bizi duten egoeraren inguruan egiten duzuen irakurketa?
Bi urte igaro dira Aieteko Konferentzian nazio gatazka konpontzeko bide orria mahai gaineratu eta ETAk behin betiko su-etena aldarrikatu zuenetik. Ordutik, Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute urratsik emateko borondaterik azaldu, jakin baitakite gatazkaren ondorioak (preso eta iheslariak kasu) konpontze bidean jarriz gero erroari heldu beharko diotela. Etsaiak blokeo egoera luzatu nahian dabiltza, gatazka luzatuz beraz, honen adibide Herriraren eta beraien helburuen kriminalizazioa. Nazio gatazkaren konponbidean urratsak ematen jarraitzeko blokeo hau haustea ezinbestekoa da, herri presioa areagotu eta bi estatuei jasan ezinak izango zaizkien baldintzak sortuaz. Honegatik da hain garrantzitsua blokeoa islatzen duen preso eta iheslarien auzia konpontzea eta, horretan, guztion bultzada da beharrezkoa.
Gabonetako hitzorduak
Abenduak 24, asteartea 17:30 Olentzero jira, frontoitik.
Abenduak 27, ostirala 20:00 Preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Abenduak 31, asteartea 17:00 San Silbestre lasterketan "Denak ala inor ez" kamiseta urdinekin agertzeko deia.
Urtarrilak 3, ostirala 19:00 Bertso musikatuak Aitzaga aurrean.
Urtarrilak 4, larunbata “Denak ala inor ez eguna”, frontoian eta Usurbilgo Gaztetxean.
Urtarrilak 11, larunbata Bilbora joateko autobusak Usurbildik.