Jaialdia abenduaren 29an, erraustegiari agur esateko

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 23a, 00:00

Urte luzez “gipuzkoarron osasuna, ingurumena eta ekonomia mehatxatu dituen proiektu toxiko horrenak” egin duelako, errausketaren aroa itxi eta Zero Zabor aroa abian dela ospatzeko jaialdia antolatu du Gipuzkoa Zero Zabor eta herrialdeko zero zabor taldeek, abenduaren 29rako Usurbilen.

“Nik ere erraustegia gelditu dut” izena jarri diote urteko azken igandean ospatuko den ekimen bereziari. Eta ez alferrik. Eragileok urteotan bidelagun izan dituzten herritarrekin ospatu nahi baitute, errauste planta proiektua behin betiko bertan behera geratu izana. Mendi martxa, musika, jan edana, haurrentzako ekitaldiak… Denetarik izango da. Baita gerri buelta mugitzekoa ere. Gogoan izango dituzue iragan maiatzeko Mundumob ekimena, baita 2011ko Flashmob-a. Dantza hauek berreskuratu asmo dituzte abenduaren 29rako. Herritarrak dantzan direla borobildu nahi dute ospakizun eguna. Koreografiak ahaztuak dituzuenok lasai, Mikel Erguin dator eta pauso guztiak irakastera.

 

Pago landaketa

Jaialdiarekin bat egin eta herritarrei bertaratzeko gonbita luzatzen die Usurbilgo Udalak. Egunean zehar ospatuko diren ekitaldietako bat hain zuzen Udalak berak deitu du. Abenduaren 29an, goizeko 11:00etan Artzabalgo parkean (baserri ondoan). Iragan abenduaren 5ean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Sutegin antolatu zuen ekitaldian, pago bat oparitu zitzaion Usurbilgo herriari. Pago hau landatuko dute Artzabalgo hitzorduan.

“Gipuzkoarentzat eta Usurbilgo herriarentzat ere berri pozgarri dela zalantzarik ez dugu. Udalak herritar guztiokin ospatu nahi du hainbat urtetan usurbildarren aldarrikapenari erantzuna ematen dion gertaera hau. Usurbildar guztiak zoriondu nahi ditu, urte hauetan errauste planta ezartzearen aurka emandako urrats tinko eta jarrera gizatiar eta aurrerakoia eskertuz”, adierazi dute Udaletik, herritarrei abenduaren 29ko jaialdian parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera.

 

Egitaraua, behin behinekoa

Antolatzaileak abenduaren 29ko ekimenak lotzen dabiltza. Hauxe da behin behineko egitaraua (aldaketak izan ditzake):

9:00 Mendi martxa Mikel Laboa plazatik errauste planta eraiki asmo zuten eremura. 2 ordu ingurukoa.

Goizean zehar, kale animazioa eta jan edana. Flashmob eta mundumob ekimenak prestatzeko entsegu saioak.

11:00 Ekimenak bi gune ezberdinetan:

-Frontoian: haurren gunea. Pailazoak, ipuin kontalariak… egongo dira.

-Askatasuna plazan: musikaren gunea. Musikari ezberdinen ekarpena.

13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.

Ondoren, dantzak: Mundumob eta Flashmob. Dantzak gogoratzeko, entsegu saioak goizean zehar.