Gabon kantak abestu ondoren, poteora

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 24a, 00:00

Gabon kantek hartu dute herria abenduaren 24 honetan. Goizean goizetik urte garai honetako abestiak kantatzen entzun eta ikusi ahal izan ditugu etxez etxe, saltokietan, tabernetan... hainbat gaztetxo baserritarrez jantzita. Jantziokin baita eguerdi partean, poteo orduetan, hainbat guraso ere.

Eta goizean Aginagan egin duten moduan, bazkalostean zenbait herri eragileek deitutako gabon eskeak ospatu dira. Zubieta Lantzenek deituriko hitzordua lehenik Zubietan. Eta gero Kaxkoan, bi kalejira; bat 17:00ak pasatxoan apaiz etxe paretik abiatu dena, Parrokiak deituta. Eta ordu erdi beranduago, Mikel Laboa plazatik abiatu den presoen eskubideen aldeko Olentzero jira berezia. Aurten, Olentzero, Mari Domingi eta asto eta guzti. Kalejira hauek beren ibilbidea egin dute Kaxkoan barrena. Aurreko urteen antzera, bi hitzorduek helmuga bera zuten; amaiera bateratua, frontoian.

Santuenean ere ikazkina garraiatzen zuen gurdi eta guzti irten dira auzo elkarteko egoitzatik. Kalejiran, gabon kantei errepaso ederra eman diete.

Eguberri bezpera honetako saioak amaituta, Kaxkoko tabernak, koadrilak, hainbat familia... afalaurreko poteo jendetsuari ekiteko prest dira jada. NOAUA!ren partetik, eguberri on guztioi!