Abenduaren 31n Hurbilago Elkarteak antolaturiko herri lasterketan parte hartu asmo duzuenok entrenatzeko denbora askorik ez duzue jada. Astearte arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik, herri merkataritza eta ostalaritzaren aldeko kirol ekimena. Ohi bezala, lasterkariek jai giroan osatuko dituzte ibilbideko lau kilometroak.
Kaxkoari bi buelta eman beharko dizkiote. Amaieran, besteak beste, gabonetako zozketa egingo da. Zozketatuko dituzten opariak Sutegiko erakusketa aretoan dituzue ikusgai; mendiko bizikleta eder bat (Coluer Rave 270 markakoa), telebista bat (Grundig Led 40VLE630BH) eta tablet bat (Airis Onepad 735). Hiru opariok zuenak izan daitezke, abenduko erosketak Hurbilago Elkarteko establezimenduetan egiten badituzue. 10 euroko erosketa bakoitzeko txartel bat jasoko duzue saltokiotan. Zuen datu pertsonalekin bete eta jasotako saltoki bereko kaxan sartu. Eta gero, abenduaren 31ra arte itxaron. Urteko azken egunean ospatuko den IV. Hurbilago San Silvestre herri lasterketaren amaieran zozketatuko dira hiru opariok.
ATARI BERRIA DU HURBILAGOK
Urtea herri merkataritza eta ostalaritzaren alde kirol pixka bat eginez agurtu nahi duzuenok, Hurbilago San Silbestre lasterketarako izena doan eman dezakezue Hurbilagoko kide diren saltokietan. Edo baita, bilguneak estreinatu berri duen web orrian sartuta ere. Honatx helbidea: www.hurbilago.com
San Silbestre lasterketari buruzko informazio gehiago, Abaraska enpresak diseinaturiko atari berri horretan aurkituko duzue. Hurbilago Elkarteak aurrerantzean antolatuko dituen ekimenen informazioa ere jasoko dute; hala nola, Tipi-Taparen berri. Atari berriak aukera gehiago ere eskaintzen ditu. Saltoki bakoitzaren informazioa, produktu eskaintza... Baita Hurbilago Elkartearen edota denden promozioen berri ere. Hori bai, salerosketarik ezingo da egin atari berritik. Bezeroak saltokietara erakartzeko atari izateko jaioa baita hurbilago.com. Ez bezeroak saltokietara joateari utzi eta saretik salerosketak egitera bultzatzeko gunea. Beraz animatu, web orri bidez Hurbilagoko berri jaso, eta gero herriko dendetara, erosketak egitera.
OPARI TXARTELAK ESKURAGARRI
Hurbilago Elkartetik eguberriotan opariak egiten lagundu nahi diete herritarrei. Horretarako formula aproposa aurkitu du Hurbilagok; opari txartelena. Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduren batera jo, opari txartel bat eskatu, ordaindu eta dendariak, ekimen berri honetarako espresuki sortu dituzten opari txartel bat emango dio bezeroari, “zorionak!”, “maitasunez” edota “on egin!” dioten gutunazal ponpoxoetan sartuta. Opariak zozketatzeko edo opariak egiten laguntzeko proposamen ezin egokiagoa gabon hauetarako.