Errege kabalgataren aurretik, jolas eguna ostiralean

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 26a, 00:00

LH 5 eta 6.mailako ikasleentzako jolasa prestatu dute Ziortzakoek, ostiral goiz honetarako, abenduaren 27rako. 10-12 urte arteko herriko haurrak agertu daitezela goizeko 11:00etan frontoira. Gaztetxoek ondo pasatzeko gogoa baino ez dute jarri beharko, gainerakoa Ziortzakoen esku. 

Bihar beraz jolas eguna. Baina bada Ziortzatik bideratzen ari diren urteroko beste ekimen tradizional bat ere; urtarrilaren 5ean, aurten igandez, ospatuko den Errege Kabalgata. Kabalgatarako hain zuzen, antortxero bila dabiltza. Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeei bidea argitzen lagundu asmo duzuenok, izena emateko epea zabalik duzue. Apuntatzeko, komunikazio bideok baliatu ditzakezue:
-E-posta: ziortzage@gmail.com
-Sare sozialak: Ziortzak Tuentin duen kontuaren bidez.
-Jendaurreko ordutegia: abenduaren 30ean, 11:00-13:00 artean, Apaiz Etxera gerturatuta.

HIRU ERREGE KABALGATA
Izena eman duten antortxeroekin bilera egingo du Ziortza Gazte Elkarteak, urtarrilaren 3an, iluntzeko 19:00ean Apaiz Etxean.

Errege Kabalgata ohi bezala, urtarrilaren 5ean iluntzean ospatuko da. Urdaiagatik abiatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Antortxeroen laguntzaz, Santuenea, Kalezar edota Kaxko inguruak zeharkatu ostean, frontoian amaituko dute urteroko ibilbidea. Goizean, erregeen postaria frontoian izango da. 

Beste bi errege kabalgata ere ospatuko dira urtarrilaren 5ean; bat Zubietan, bestea Aginagan. Hitzorduon inguruko zehaztasunak, web orrialde honetako agendan dituzue.