Hiru lan ildo nagusi biltzen ditu, Usurbilgo Udalaren V. Plangintzaldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan berriak:
1-Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea; betiere, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.
2-Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
3-Euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea.
Euskararen erabilera plan berria, eguberri aurretik ospatu zen ezohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak. 2017ra arteko planaren helburu nagusia honakoa da: "udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea bai zerbitzu hizkuntza modura, bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko".
Udalbatzak eguberri aurretik aho batez hartutako erabaki honen berri emango zaio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari. Baita Usurbilgo Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari (UEMA), udaleko sail guztiei eta udal sindikatuei ere.