Alegazio epean dira, behin behinean onartuak dauden 2014ko udal aurrekontuak

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 26a, 00:00

Gaurtik zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko hamabost lan eguneko epea egongo da. 2014rako udal aurrekontuak, abenduaren 17an burutu zen ezohiko osoko bilkuran onartu ziren. Gehiengo osoz, EH Bilduko udal ordezkarien aldeko bozkekin. EAJ-PNVko ordezkaria abstenitu zen. PSE-EE eta Hamaikabat udal taldeek aurka bozkatu zuten.

Udalbatzak azken ezohiko osoko bilkuran hartutako erabakia, astearte honetan, abenduaren 24an eman du argitara Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2013/12/24/e1311928.htm

Aipatu moduan, ostegun honetatik, abenduaren 26tik zenbatzen hasita, datorren urteko udal aurrekontuei alegazioak erregistroan aurkezteko hamabost lan eguneko epea dago orain. Hasieraz onartu diren aurrekontuok, Usurbilgo Udaleko Kontuhartzailetza sailean ikus daitezke. Gogoan izan, guztira, 10.360.522 euro ditu Udalak, estreinatzear dugun urte berriko egitasmoetara bideratzeko.

PLANTILLA ORGANIKOA
Udal aurrekontuekin batera udalbatzak jorratu ohi duen beste puntu bat ere bozkatu zuten azken ezohiko osoko bilkuran. 2014ko Plantilla Organikoa. Hasieraz onartu zuten baita, gehiengo osoz. Alde, EH Bildu eta PSE-EE. Aurka, Hamaikabat. Abstentzioa, EAJ-PNV. Erabaki hau ere, abenduaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2013/12/24/e1311938.htm

Alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea dago orain. Tarte honetan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, 2014rako Udalaren Plantilla Organikoa behin betiko onartutzat joko da.