Mendi martxa batekin hasiko da, igandeko "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdia

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 26a, 00:00

Errauste planta proiektua behin betiko bertan behera gelditu dela ospatzeko zero zabor taldeek, abenduaren 29rako antolatu duten jaialdiaren abiapuntua izango da. Hondakinak tratatzeko aipatu azpiegitura eraiki behar zuten eremura joango den mendi martxarekin abiatuko baita. Ibilaldirako hitzordua, igande goizeko 9:00etan finkatu dute Mikel Laboa plazan. Bi ordu inguruko mendi buelta izango da. 

Gero, 11:00etatik aurrrera, beste hainbat ekitaldi burutuko dira Kaxkoan. Haurrentzako ekitaldiak, jan edana, proiekzioak, kale animazioa... Nabarmentzeko bi hitzordu; batetik, 11:00etan, Usurbilgo Udalak antolatutako ekitaldiaren baitan, Artzabalen egingo den zuhaitz landaketa. Pago bat landatuko dute. Pago hau, joan den abenduaren 5ean Sutegin egindako ekitaldian, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Usurbilgo herriari oparitu ziona da.

Eguneko ekitaldi nagusia halere, 13:00etan egingo da frontoian. Eta hasi prestatzen, une horretan, berriz ere errausketaren aurkako aldarria ozen entzungo baita frontoi inguruan. Flashmob eta Mundumob ekimen bizi eta koloretsuen bidez hain zuzen. Hona hemen zehaztasun gehiagorekin, gaur bertan antolatzaileek ezagutzera eman duten igandeko jaialdirako egitaraua:

ABENDUAK 29, IGANDEA
9:00 Mendi martxan, errauste planta eraiki asmo zuten lurretara, Mikel Laboa plazatik.

11:00 Zuhaitz landaketa, Artzabalen. 
11:15etatik aurrera, frontoian:
- Porrotx
- Apaxi ipuin kontalaria
- Xalto eta Brinko pailazoak
- Puzgarriak
- Morau
- ...

13:00 EKITALDI NAGUSIA.

Mundumob eta Flashmoba dantzatuko ditugu. 

Goizean zehar: 

- Orioko tuntturruak.

- Sutegin ekimenen bideoak.

- Jan eta edateko aukera.

Antolatzaileak: Gipuzkoa Zero Zabor eta zero zabor taldeak.