UZZ: "Usurbildarrok asko jarri dugu", erraustegia gelditzeko bidean

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 26a, 00:00

Eta horregatik eskerrak helarazi nahi dizkiete Usurbil Zero Zabor taldetik herritarrei, etxez etxe banatu duten eskuorrian. Bertan noski, iganderako Usurbilen antolatua dagoen "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdian parte hartzeko gonbita luzatzen diete usurbildarrei. Eta aurrerantzean, zero zabor bidean, urrats berriak emateko konpromisoa adierazten dute UZZ-tik:

"Erraustegirik ez!" lelotik ekin, eta ez dela behar esan ahal izateko ibilbideari ekin genion Usurbilen. Bide honetan, asko eta asko izan dira bere ahalegina jarri duten herritar, erakunde eta instituzioak. Urte askotako lan eta konpromisoaren ondorioa izan da, erraustegia eraikitzeko proiektua gelditzea.

Hondakinak zabor bihurtzea, ondo ez dagoela esatetik, hori gertatu ez dadin konponbideak mahai gainean jarri dira, eta Gipuzkoan inor ez dago geldi, askok konbentzimenduz eta azken-putz gelditu nahi ez dutenak ere, bederen itxurak eginez, denak mugitu dira. Ez da lorpen txikia hori ere, eta bide hori egiten, usurbildarrok asko jarri dugu. Mila esker!

Gure ama lurra maite dugulako, urrats berriak egiten jarraituko dugu, elkarrekin, jaso dugun mundu hau hobetzen saiatzea, bihotzez egitea, ederra baita".

                                                                                                            USURBIL ZERO ZABOR