Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko abenduko eta 2013ari dagokion azken ostiraleko elkarretaratzea egingo da, gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan. Herriko presoen egoerari dagokionean, urte gazi-gozoa amaitu dugu. Gogoan izan batetik, zigor osoa bete eta ia hiru urtez Autunen (Frantzia) konfinatua eduki ostean, irailaren 26an atxilotu eta estraditatu zutela espainiar estatura Patxi Segurola aginagarra. Soto del Realen espetxeratu zuten.
11 urteren ostean, egun berean utzi zuten aske Jokin Errasti aginagarra. Zaragozako Zueratik irten eta etxerako bidea hartu zuen irailaren 26an, senide eta lagunez inguratua.
197/2006 DOKTRINAREN INDARGABETZEA
Bestalde, urriaren 21ean heldu zen Estrasburgotik hilabete beranduago, Ramon Uribe aske utziko zuen epaia. Gogoan izan, espetxe zigor osoa beteta, iazko abenduaren 3an kalean behar zuen arren, kalezartarra ia urtebete gehiagoz izan zutela preso Salamancako Topasen, 197/2006 doktrina aplikatu ziotelako. 2024ra arte luzatu zioten espetxe zigorra. Baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiak urriaren 21ean kaleratu zuen epaiak egoera irauli zuen. Uriberi aplikatu zitzaion 197/2006 doktrina indargabetu zuen Estrasburgok eta 19 urtez (18+1) preso egon ostean, azaroaren 20an aske utzi zuten.
HERRIRAREN AURKAKO POLIZIA OPERAZIOA
Amaitzear dugun 2013ko gertakarioi beste bat erantsi behar diogu; Herriraren aurka irailaren 30ean burutu zen polizia operazioa. Egoitza nagusiak itxi eta gerora aske geratu ziren hainbat lagun atxilotu zituzten. Ekainean bestalde, denbora luzez eginiko barne eztabaida prozesuaren emaitza aurkeztu zuen euskal iheslari politikoen kolektiboak. Historikotzat jo zuten emaitza, aipatu kolektiboak lehen aldiz mintzaidetza taldea zuela berri eman baitzuten. Mintzaidetza taldeko ordezkarien artean zegoen, Xabier Miguel Ezkerra herritarra.
"DENAK ALA INOR EZ"
2013ak ekarritako albisteak hauek. Gaur 20:00etan urteko preso eta iheslarien eskubideen aldeko azken elkarretaratzea deitu da, 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan. Mobilizazioarekin bat egin dute, besteak beste, "Denak ala inor ez" bilguneko kideek. Herrian martxan jarri den gazte dinamika berria dugu. Gatazkaren konponbiderako, “euskal preso eta iheslari politiko guztiek lehen mailako agente politiko izan behar dutela aldarrikatzera gatoz”. Testuinguru honetan, ekimen sorta antolatu dute eguberriotarako, urtarrilaren 11n Tantaz Tanta ekimenak Bilbon deitu duen mobilizazio erraldoiarekin bat egiteaz gain:
Abenduak 27, ostirala
20:00 Preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Abenduak 31, asteartea
17:00 San Silbestre lasterketan "Denak ala inor ez" kamiseta urdinekin agertzeko deia.
Urtarrilak 3, ostirala
19:00 Bertso musikatuak Aitzaga aurrean.
Urtarrilak 4, larunbata
“Denak ala inor ez eguna”, frontoian eta Usurbilgo Gaztetxean.
Urtarrilak 11, larunbata
Bilbora joateko autobusak Usurbildik.