GHK, igandeko jaialdiaz: "parte hartzera dei egiten dizuegu"

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 27a, 00:00

Gipuzkoa Zero Zaborrek iganderako Usurbilen antolatu duen "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdiarekin bat egin du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Jaialdian parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. "Gutako bakoitzaren parte hartzea inportantea da. Tanta bakoitza ez da ohartuko bere garrantziaz, baina guztien artean itsaso menderakaitza osatzen dute", adierazi dute prentsa ohar bidez, GHK-tik. 

Norberak urte luzeotan erraustegia gelditzeko eginiko ekarpena garrantzitsua izan dela nabarmentzen dute, "funtsezko pausoak dira zilegizkoak diren helburuetara iristeko". Gogoan dute, enpresariekin adosturiko akordio batek, azaroaren 13an errauste planta proiektua bertan behera utzi zuen arren, aurretik 12 urte luze igaro direla. Eta denbora tarte horretan, hainbatetan eskatu dutela herritar, eragile eta erakundeek, egitasmo hau ez eraikitzea, ez Zubietan, ez inon, ekimen eta mobilizazio desberdinen bidez. "Hamabi urte dira erraustegiaren mehatxua sortu zela eta ordutik anitzak izan dira mamu hori gelditzeko eman behar izan diren pausoak: herri mugimenduaren ekimenak, komunikazio kanpainak, bilketa selektiboan aurrerapausoak, bozketa herrikoiak… Azkenean enpresariekin egindako akordio baten ondorioz gelditzea lortu dela ematen du, baina hau ez da erabat zuzena. Aurretik ekimen horiek guztiak eman izan ez balira, ezinezkoa izango zen puntu honetara iristea", adierazi du prentsa ohar bidez GHK-k.

PIGRUG-ean idatzita jarraitzen du
Horregatik, herritar guztiak igandean Usurbilen ospatuko den jaialdira gonbidatzen dituzte. Urrats berri bat ematera, errausketaren aurka. "Erraustegi honen proiektua hilik badago ere, Zubietako erraustegiaren mehatxua ez dago hilik. PIGRUG-en (Gipuzkoako Hondakinen Plan Integralean) erraustegiaren ‘beharra’ sartzea lortu zuten behin, eta hori hor idatzia dagoen bitartean mehatxua bizirik jarraituko du. Idatzi hori aldatzea ez da erraza izango, erraustegiarekin tematu ziren alderdiek ez baitute amore emateko zantzurik erakusten. Eta azkenean geratuko zaigun bakarra herritarron ekimenak izango dira, berriro ere. Igande honetan norabide horretan beste urrats bat emateko aukera dugu, eta gutako bakoitzaren parte hartzea inportantea da. Tanta bakoitza ez da ohartuko bere garrantziaz, baina guztien artean itsaso menderakaitza osatzen dute", adierazi dute GHK-tik.