Erraustegia geldituta, zero zabor bidean aurrerantz egitea egokitzen da orain

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 29a, 00:00

Hamarkada batez hainbat herritar, eragile eta erakundeek aldarrikaturikoa gauzatu den urte historikoa joan zaigu. Hondakinen kudeaketari dagokionez, errausketaren aroa atzean utzi eta Gipuzkoa zero zabor norabidean jarri duen 2013 hau agurtzear dugu. Horixe adierazi dute hain zuzen, igande honetan Usurbilen ospatu den "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdian. 

Zorion mezu eta esker oneko hitzen artean, erraustegia gelditzea lortu dela, ez dutela ez Zubietan ez beste inon eraikiko, baina hemen ez dela amaitzen orain arte jorraturiko bidea. Zero zabor norabidean aurrerantz egin beharra dagoela nabarmendu dute. Halere, aurrera begirako lanekin segi aurretik, gaurkoa ospakizun egun handia izan da Usurbilen. Hamarkada bateko elkarlan, ahalegin, eskaera, mobilizazio, eta ekimen bereziek ekarri baitute erraustegi proiektua bertan behera geratzea. Eta hori ospatu beharra zegoen. Hortik gaurko festa eguna.

Aipatu azpiegitura eraiki gabe utzi izana ospatzera etorri dira Usurbila, Gipuzkoako beste hainbat udalerrietako zero zabor taldeetako ordezkari eta herritarrak. Baita erakundeetako kideak ere; Usurbilgo Udaleko kideak, Foru Aldundikoak, baita Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta lehendakari ordea ere Usurbilen ziren, Ainhoa Intxaurrandieta eta Imanol Azpiroz zubietarra hurrenez hurren. Eta noski, guztien artean, etxekoek ere ez dute hutsik egin urteko azken igande honetako hitzordura. Zubietarrak gerturatu dira frontoi ingurura, baita noski usurbildarrak ere. 

ERRAUSTEGIARI BULTZAKA... OHOLTZA GAINETIK BOTA ARTE
Jaialdia, errausketaren aurka urteotan egin diren ekimenen isla izan da. Herritarrak dantzan jarri dituzte beste behin, Flashmob eta Mundumob ekimenetako dantzekin. Dantza hauen koreografoa, Mikel Erguin Usurbilen zen gaur, zeharo hunkituta. Berak gidatu ditu saioak, baita aurrez, goizean zehar Askatasuna plazan egin diren entseguak ere. 

Beste elementu sinboliko bat; behin maskota gisa, Santixabeletan zintzilikatu eta erre ez zen erraustegia berreskuratu dute gaurko jaialdirako. Antolatzaileek frontoian kokaturiko bi oholtzetako baten gainean jarri dute, urteotan behin baino gehiagotan erabili izan duten herriko festetako maskota. Errausketaren aurkako mugimenduko kideak erraustegi txiki honen bueltan jarri dira, eguerdian frontoian egin den ekitaldi nagusian. Gaurko jaialdian Usurbilen ospatzen ari ziren lorpena irudikatu dute segidan; denen artean, elkarlanean, ahaleginaren ahaleginez, bultzaka oholtzatik behera bota dute errauskailua, bertaraturikoen txalo artean.

Erraustegia oholtzatik botata, etorkizuneko alternatiba irudikatu nahi izan dute gero, zabaldu den aro berria. Zero zabor taldeetako kideak, belaunaldi ezberdinetako herritarrak, oholtzara igotzen joan dira. Bakoitzak bere ekarpena egin du; ontzi marroi, organiko, lore eta haize errota koloretsuak jartzen joan dira, etorkizuneko Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua marrazten amaitu duten arte. Zero zabor lurraldea irudikatzea lortu duten arte.

KANTUAN FRONTOIAN, ETA BERTSOTAN BALKOITIK BALKOIRA
Dantzatuz, antzeztuz plazaratu nahi nahi izan dute errauste planta proiektua iraganeko kontua dela jada. Gelditzea lortu dela. Baita abestuz ere, Usurbilgo eta inguruko herrietako kantu taldeekin. "Agure zahar batek zion" abestiko letra egokitu du Asier Azpiroz bertsolari zubietarrak. Erraustegiaren gaiari loturiko letra sartu dio kantari. Erraustegiari bultza handik eta bultza hemendik, laster eroriko dela zioen kanta abesten jarri dituzte, pilotalekuan ekitaldia jarraitzen zeuden guztiak. Gero, jaialdiko leloa osatu dute, ondoko argazkian ageri den moduan; "Nik ere erraustegia gelditu dut" esaldia.

Asier Azpiroz aipatu dugu. Abesti bateko letra egokitzen bakarrik ez, bertsotan aritu da baita zubietarra, Beñat Gaztelumendirekin batera. Eta ez frontoian. Balkoitik balkoira aritu dira bertsotan. Azpiroz Paris etxetik, Gaztelumendi Txiriboga ondoko eraikineko balkoitik. Bertan behera geratu den errauste planta hartu dute ahotan. 

Dantza, bertsoa, kantua, antzezpena... Denetariko formatu eta moduetan, ezezko borobila eman diote jaialdiko ekitaldi nagusian, urte luzez herritarrek nahi ez zuten, baina inposatu asmo zuten errauste plantari. 

MUSIKA, HAURRENTZAKO EKITALDIAK...
Hori guztia, eguerdiko ekitaldi nagusian. Aurretik, goizean zehar, zenbait gonbidatu berezi hurbildu da "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdira. Morau musikaria, edota Porrotx pailazoa tartean, haur eta helduei irri eginaraztera gerturatua. Jan edanik ez da falta izan goizean zehar. Ezta bisitaririk ere, Usurbil Zero Zabor eta Eginklik! taldeek frontoian jarri duten postu banatan. Jaialdia, beste bi hitzordurekin hasi da goizean; erraustegia eraiki behar zuten gunera egin den mendi martxarekin. Gero, Artzabalgo parkean Udalak pago bat landatu du. Hondakinen kudeaketan gipuzkoarrei bide berri bat irekitzen aitzindari izateagatik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak esker onez Usurbilgo herriari abenduaren 5ean oparitu zion pagoa hain zuzen.

ZOZKETA
Gaurko jaialdiaren harira, zozketa bat ere antolatua zuten zero zabor taldeek. Hainbat errifa saldu dituzte azken asteotan, Gipuzkoako udalerri desberdinetan. Zozketa jaialdi amaieran egin da. Hauek dira zenbaki sarituak:
1. saria: Patri jatetxean bi lagunentzako otordua: 7828.
2. saria: otarra. 1089.
3. saria: berrerabilpen kit-a. 1172.