Oroimenaren garrantzia, egi osoaren bidean

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 30a, 00:00

Gaurko ekitaldi berezia iragarria dago Usurbilgo frontoian, 20:00etatik aurrera, “Egiari bide, askatasuna amets” goiburupean. 1936tik hona, bakoitzak bere garaian, eta bere ideologiatik, herri honen askatasunaren alde borrokatu zutenak ekarri nahi dituzte gogora. “Egia guztiak ikus ahal izateak elkar ulertzeko bidea zabalduko baitu”, hala adierazi digute gure solaskideek, Joxe Domingo Aizpuruak, Milagros Pagolak eta Arantza Kaminok.

Patxi Aizpurua, Zabalekoa, EAJko militantea zen. 1936ko irailean fusilatu egin zuten. Bere iloba da Milagros Pagola. 1980an, Batallón Vasco Español delakoak lehergailu bat lehertuarazi zuen Joxe Martin Sagardiaren autoan. Bere iloba da Arantza Kamino. Bi adibide dira, baina gehiago ere zenbatu zitezkeen. “Eman duten guztiarengatik, euren etxekoek pairatu duten guztiarengatik, ezin diogu bizkarra eman askatasunaren atariraino ekarri gaituen ondare humano horri”, azaldu digu Joxe Domingo Aizpuruak. Ideologia zein garai ezberdinetako borrokalariak ahazturan eror ez daitezen. Eurekin batera, beste senitarteko batzuk ere izango dira frontoian, gaurkoan.

Oroimen ariketa hau, 36ko gerratik hona borrokan aritu direnei begira egina dago. “Frankismoan eta Frankismoaren ondoren, herri honek ukazioa pairatu du, eta bere ondorioek belaunaldiz belaunaldi izan dute eragina”, azaldu digute. “Franco hil ondorengo urteak garrantzitsuak ziren, marko egokia izan zitekeen konponbiderako, baina ukazioaren jarraipena hobetsi zuten eta gerrak ez zuen amaierarik izan”, hala uste du Joxe Domingo Aizpuruak. “Ez zen arazoa konpondu Trantsizioan, eta bere horretan jarraitzen du oraindik”.

 

Zoru etikoaren lur emankorra

Zoru etikoaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, iragana kontuan hartzea nahi dute gure solaskideek: “Artxanda, Orioko mendatea, Aritxulegi eta Hernaniko hilerriko hormen erraietan dago euskal zoru etikoaren lur emankorra. Hain zuzen hori da egungo erronka: orain artekoa errepikatu ez dadin eta herri honen eta herritarren eskubidea guztien aitortza eta errespetua denon zoru demokratikoa izan daitezen”. Horri erantzun nahi dio abenduaren 30eko saioak. Etorkizunari so eginez. “Guztion konpromisoa eta partehartzea aldarrikatu nahi genuke. Orain artekoa sekula gehiago errepikatu ez dadin”. Milagros Pagolak elkarbizitzan sakontzeko beharrarekin lotzen du gaurko ekimena. “Elkarbizitza eraikitze aldera, biktima guztiei aitortza egin behar zaie, horrek lagunduko digulako erreparazioaren bidean”.

Ez da soilik euskal gizartean eman. Gatazkak izan diren gainontzeko herrietan ere, premiazkotzat jotzen da aitortza, erreparazioa eta justizia. Eta hori da abenduaren 30eko ekitaldiarekin azpimarratu nahi dena.

 

Milagros Pagola: “Oso gutxi kontatu ziguten, isiltasuna zen nagusi”

"Ni Patxi Aizpurua Zabalekoaren iloba naiz. Usurbilen, badira sei bat fusilatuak 36ko gerran. Beraz, ez da osabarena bakarrik, denen oroitzapena ekarri behar da gogora”, Milagros Pagolak argitu digunez. Bere kasuan, saminaren sustraiak oso aspaldikoak izan arren, osabaren galerarekin bizi izan behar dute etxean. 36ko udazkenean fusilatu zuten frankistek. “Oso gutxi kontatu ziguten guri. Isiltasuna zen nagusi. Beldurraren ondorioz, ez ziguten ezer kontatzen. Azken aldera, izebak-eta zahartu zirenean, orduan hasi ziren esaldi batzuk aitatzen. Baina pixkanaka jakin dugu. Umetan ez genuen berririk jaso”.

Beldurra ez ezik, min handia pasatakoak izan zirela eta horregatik ere ez zutela bere etxekoek hitz egiteko joera izan. 36ko gerran etxekoren bat galdu zuten askori gertatu zitzaiena, alegia. Arantza Kamino ere iritzi berekoa da: “Heriotza beti da gogorra, eta erailketa baten ondorioz bada are gogorrago”. 

 

Etorkizunean, berriz errepikatu ez dadin”

“Horiek guztiak tokia eta errekonozimendua edukiko dute noiz edo noiz herri honetan gertatu diren eskubideen bortxaketa guztiak ikertuko dituen Egiaren Batzordean”. Desio hori dute. “Elkarbizitza eraikitze aldera, biktima guztiei zor zaie aitortza, justizia eta erreparazioa ematea, azkenean hori da kontua”, erantsi nahi izan du Milagros Pagolak. Horregatik “oso positiboa da denak elkartzea, biktima guztiak bateratzea”, hala pentsatzen du Milagrosek. Eta funtsezkoa jotzen du “ez ahaztea zer gertatu zen. Berriz errepikatu ez dadin”. Abenduaren 30erako zabaldu dute deia. 20:00etan, frontoian.