Aurreko urteen moduan, frontoi ingurutik. Bi itzuli eman beharko dizkiote Kaxkoari. 4 bat kilometroko ibilbidea osatu ostean iritsiko dira berriz, pilotalekuko helmugara. Bakoitza bere erritmoan lasai asko ibili ahal izango da, gaurko proba ez baita puntuagarria. Lehiakortasunik gabekoa baizik, festa giroan burutuko dena, herri merkataritza eta ostalaritza suspertzearen alde.
Amaieran, besteak beste, gabonetako zozketa egingo da. Zozketatuko dituzten opariak Sutegiko erakusketa aretoan dituzue ikusgai; mendiko bizikleta eder bat (Coluer Rave 270 markakoa), telebista bat (Grundig Led 40VLE630BH) eta tablet bat (Airis Onepad 735). Hiru opariok zuenak izan daitezke, abenduko erosketak Hurbilago Elkarteko establezimenduetan egin badituzue. 10 euroko erosketa bakoitzeko txartel bat jasoko zenuten saltokiotan. Zuen datu pertsonalekin bete eta jasotako saltoki bereko kaxan sartu baduzue, Sutegin ikusgai egon diren oparietako bat zuena izan daiteke gaur. Adi beraz, San Silbestre lasterketaren amaieran ospatuko den zozketari.
ATARI BERRIA DU HURBILAGOK
Hurbilago San Silbestre lasterketak berrikuntza bat ekarri du aurtengoan. Izen emateari dagokionean hain zuzen. Aurreko urtera arte, elkarteko kide diren establezimenduetan apuntatu zitekeen. Aurten baita Hurbilagok sarean estreinatu berri duen atarian: www.hurbilago.com
San Silbestre lasterketari buruzko informazio gehiago, Abaraska enpresak diseinaturiko atari berri horretan aurkituko duzue. Hurbilago Elkarteak aurrerantzean antolatuko dituen ekimenen informazioa ere jasoko dute; hala nola, Tipi-Taparen berri. Atari berriak aukera gehiago ere eskaintzen ditu. Saltoki bakoitzaren informazioa, produktu eskaintza... Baita Hurbilago Elkartearen edota denden promozioen berri ere. Hori bai, salerosketarik ezingo da egin atari berritik. Bezeroak saltokietara erakartzeko atari izateko jaioa baita hurbilago.com. Ez bezeroak saltokietara joateari utzi eta saretik salerosketak egitera bultzatzeko gunea. Beraz animatu, web orri bidez Hurbilagoko berri jaso, eta gero herriko dendetara, erosketak egitera.
OPARI TXARTELAK ESKURAGARRI
Hurbilago Elkartetik eguberriotan opariak egiten lagundu nahi diete herritarrei. Horretarako formula aproposa aurkitu du Hurbilagok; opari txartelena. Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduren batera jo, opari txartel bat eskatu, ordaindu eta dendariak, ekimen berri honetarako espresuki sortu dituzten opari txartel bat emango dio bezeroari, “zorionak!”, “maitasunez” edota “on egin!” dioten gutunazal ponpoxoetan sartuta. Opariak zozketatzeko edo opariak egiten laguntzeko proposamen ezin egokiagoa gabon hauetarako.