2014ko lehen euskarazko filma, ohi baino lehenago

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 31a, 00:00

Usurbilgo Udalak negu parterako antolatua duen euskarazko zine zikloaren baitan, aldaketak izango ditugu urtarrilean. Hilero lehen bi igandeetan, haurrentzako eta helduentzako film bana eskaini ohi da Sutegin. Egutegia eskutan beraz, datorren hileko bi filmen proiekzioak, urtarrilaren 5ean eta 12an behar lukete. Baina ez da hala izango, erregeen kabalgata dela eta, urtarrilaren 5eko saioa, bezperara, urtarrilaren 4ra aurreratu baitu Udalak. Larunbatera beraz, baina betiko ordu eta lekuan proiektatuko da etxeko txikienentzako pelikula; 17:00etan hasita Sutegin, “Kiriku eta basapiztiak”. Filma ikusteko sarrerak salgai 3 eurotan, egunean bertan. Helduena bai, ohiko hitzorduan mantenduko da, urtarrilaren 12an. “Mugaldekoak” proiektatuko dute Sutegin. Sarrerak 5 eurotan, egunean bertan salgai. Haurren filma beraz urtarrilaren 4an, eta helduena urtarrilaren 12an:


URTARRILAK 4, LARUNBATA: "KIRIKU ETA BASAPIZTIAK", HAURRENTZAKO FILMA
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 3 eurotan salgai, egunean bertan.
Sinopsia: "Kiriku gaztearen abenturen jarraipena da. Aitonak, haitzulo urdinean duen tronu horretan eserita, Kiriku lorazain, detektibe, eltzegile, merkatari, bidaiari eta mediku bihurtzen den modua kontatuko digu".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.


URTARRILAK 12, IGANDEA: "MUGALDEKOAK", HELDUENTZAKO FILMA
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 5 eurotan, egunean bertan.
Sinopsia: "II. Mundu Gerran gaude, Iparraldea, Nafarroa eta Gipuzkoarekin muga egiten duen herri batean, Pirineoaren magalean. Irene Solaguren, Manuel Larralde medikuaren emazteak, Pirinioetan antolatzen ari den erakunde klandestino batean parte hartzeko proposamena jaso du, Comette sarean hain zuzen, Alemaniak menderatutako frontean jausten diren abiadore britainiarrak jaso eta Pirineoak zeharkatuta, berriz ere Ingalaterrara bidaltzeko. Irenek zalantzak ditu. Bera errepublikar familia batekoa da; Manuelek, ordea, Kapitain graduarekin parte hartu zuen arestian bukatu zen Gerra Zibilean, mediku gisa. Erabakia hartzeko, Dedéé de Jongh-ekin, Comette sarearen antolatzailearekin, bilduko da. 
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.