Otarrainxka pintxoak, 2014ko lehen Tipi-Tapan

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 31a, 00:00

Egunotako jan edanarekin hasi aurretik, egin ezazue lekutxo bat igande honetako Tipi-Taparentzat. Urtarrilaren 5ean ospatuko den 2014ko lehen ediziorako pintxo goxo askoak prestatuko dituzte eta, Txiribogan, Aitzagan, Xarman, Txirristran, Bordatxon, Artzabalen eta Txapeldunen. Otarrainxkarekin eginiko mokadu bereziak hain zuzen. 2 eurotan dastatu ahal izango dituzue, ohi bezala, edari eta guzti.

Zazpi taberna hauetan barrena osatu ahal izango duzuen ibilbide gastronomikora, ez ahaztu lehendik gordea duzuen Tipi-Tapa txartela eramatea. Txartelik ez baduzue, aipatu edaritegiotako batean eskatu. Tabernaz taberna pintxoak dastatzen joan ahala, tabernariari txartelean zigilua jartzeko eskatu eta parte hartu, igandean bertan ospatuko den zozketan. 15:00etan, oraingoan Txapeldunen, hileroko 150 euroko erosketa balea zozketatuko dute. Balea irabazten duenak, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutu ahal izango du.

Irudia: Hurbilago Elkartea.