Hala jakinarazi dute kabalgata antolatzen dabiltzan Ziortza Gazte Elkartekoek. Usurbila iristeko gogotsu omen dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta antza, atzerapenik ez bada, bost egun barru, iluntzeko 19:00ak alderako frontoira iristen ikusi ahal izango ditugu. Ohi bezala, Urdaiagatik abiatuko dira, Santuenea, Kalezar, edota Kaxko inguruak zeharkatu ostean iritsiko dira, antortxeroen laguntzaz pilotalekura. Antortxeroak aipatu ditugula, ez ahaztu, erregeei bidea argitzen laguntzeko asmoa izan eta honenbestez, kabalgatan parte hartzera zoaztenok, bilera duzuela ostiral honetan, urtarrilaren 3an, iluntzeko 19:00etan apaiz-etxean Ziortzakoekin. Kabalgatako gorabehera guztiak ondo lotuta uzteko.
HIRU KABALGATA
Nahiko lan izango dute eta igandean erregeek. Usurbilen bakarrik ez, Zubietan eta Aginagan ere kabalgata bana antolatu dute. Hona hemen, urtarrilaren 5eko Errege Egun bezperarako hitzorduak:
USURBILGO ERREGE KABALGATA
11:30 Postariak haurren eskutitzak jasoko ditu frontoian.
18:00 Errege Kabalgata Urdaiagatik abiatuko da.
19:00 Erregeen etorrera eta azken ekitaldia frontoian.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.
Oharra: antortxero bezala errege kabalgatan parte hartu nahi duenak, abenduaren 30era arte izena eman dezake ziortzage@gmail.com helbidera idatzita, Ziortzako Tuentira mezu bat bidalita, edo abenduaren 30ean, 11:00etatik 13:00etara apaiz etxera gerturatuta. Antortxeroen bilera, urtarrilaren 3an, 19:00etan apaiz etxean.
AGINAGAKO ERREGE KABALGATA
Ordua: 18:00.
Ibilbidea: Txokoaldetik Aginagako frontoiraino.
ZUBIETAKO ERREGE KABALGATA
19:30 Berriditik jaitsiera.
20:00 Plazara iritsiko dira.
Antolatzailea: Zubietako Pilota Elkartea.