Herrian falta direnak gogoan izan dituzte, San Silbestre lasterketan

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 31a, 00:00

Gure artean ez dauden zenbait herritar gogoan izan dituzte usurbildarrek, gaur arratsaldean ospatu den Hurbilago San Silbestre lasterketan. Martxan jarri berri den "Denak ala inor ez" gazte dinamika berriko eragileek, gaurko kirol ekimenean, kamiseta urdinekin parte hartzeko gonbita luzatua zieten herritarrei. Deialdiarekin bat egin eta preso eta iheslari usurbildarren eskubideen aldarria, Kaxkoa zeharkatu duen lasterketara eraman dute. 

DATORREN LARUNBATA, URTARRILAREN 11 GIROTZEN HASTEKO EGUNA
Urteko azken arratsalde honetarako egina zuten gonbitarekin batera, egunotarako, eta urtarrilaren 11n Tantaz Tanta ekimenak presoen eskubideen alde Bilbon antolatu duen egun osoko ekimena girotzeko, hainbat hitzordu antolatu dituzte "Denak ala inor ez" dinamika aurrera daramaten kideek.

Iragan ostiralean, gaztain jan eta guzti burutu zen urteko azken ostiraleko elkarretaratzea. Egunotarako berriz, bertso musikatuak edota Denak Ala Inor Ez Eguna antolatu dute. Gainera, urtarrilaren 11n Bilbora joateko autobusak irtengo dira Usurbildik. Apuntatzeko zerrendak ohiko lekuetan jarri dituzte jada. Hitzordu guztion zehaztasun gehiago, segidan:


ABENDUAK 31, ASTEARTEA
17:00 San Silbestre lasterketan "Denak ala inor ez" kamiseta urdinekin agertzeko deia.

URTARRILAK 3, OSTIRALA: BERTSO MUSIKATUAK
Ordua: 19:00.
Tokia: Txiriboga.
Antolatzailea: Denak ala inor ez.

Parte hartzaileak:
-Musikariak: Eneko Sierra eta Ixak Arruti.
-Bertsolariak: Iñigo Manzisidor "Mantxi", Manex Mujika, Arkaitz Oyarzabal "Xamoa", eta Jokin Labayen.
-Gai jartzailea: Aritz Casabal.

URTARRILAK 4, LARUNBATA: DENAK ALA INOR EZ EGUNA
11:30 Koadrilen arteko jokoak frontoian.
14:00 Gazte bazkaria Aitzaga Elkartean. Menua: paella, petxuga tomatearekin, izozkia, kafea eta kopa.
Prezioa: 8 euro. Txartelak salgai, Aitzaga Elkartean.
18:00 Manifestazioa trikitilariekin.
19:00 Tantaz Tanta olatua frontoian.
22:00 Kontzertuak Usurbilgo Gaztetxean.

URTARRILAK 11, LARUNBATA: BILBORA JOATEKO AUTOBUSAK
Deialdia: Tantaz Tanta ekimenak Bilbon antolatu duen mobilizazio egunera joateko autobusa.
Irteera orduak Usurbildik: 10:00/15:00.
Izen ematea: zerrendak ohiko lekuetan.

Antolatzailea: Denak ala inor ez.