Tipi-Tapa antolatzen duten bakoitzean tabernak betetzen dituzte eta urtero, gaurko egunez herriko merkataritza eta ostalaritzaren alde lasterketa egiteko gonbita luzatzen dutenean ere hor dira usurbildarrak. Bidera ateratzeko prest. Herritar mordoa ikusi dugu gaur korrika, IV. Hurbilago San Silbestre ekimeneko lau kilometroko ibilbidea osatzen. Helduak, gazteak eta aipatzekoa aurten, gaztetxoen parte hartzea. A ze sasoia duten. Batek baino gehiagok esprintean egin ditu helmuga zapaltzeko falta zitzaizkion azken metroak.
Gainerakoan aipaturikoa, lagun koadrilek eta familiek parte hartu dute, urtea agurtzeko kirol ekimen honetan. Haietako batzuk mozorrotuta, baina guztiek irri bat ahoan zutela. Bidean berriz, herritarrak zebiltzan hara eta hona, batzuk argazkiak ateratzeko leku onenen bila, baina denak paretik pasatzen ari ziren senide, lagun, edota ezagunak gogotik animatzen aritu dira.
Herri merkataritza eta ostalaritza suspertzeko mezua lau haizeetara zabaldu dute gaur usurbildarrek, Hurbilago San Silbestre lasterketaren bidez. Kaxko osora.
LASTERKETA OSTEAN... POTEOA
Frontoian hasi eta amaitu da Hurbilagok antolaturiko hitzordua. Kirolari eta ikusleek, herri lasterketa, urte zahar gau honetako afalaurreko poteoarekin lotu dute. Tabernatik tabernarako erronda hasia da. 2013ko azkena. Nahiz 2014a hasi berritan, gautxorientzat tabernak berriz irekiko dituzten, goizeraldera arte. Urte berri on guztioi!