Urte berriari ongi etorria, parrandan eman diote batzuk. Urte zahar gauean ireki zituzten tabernen bueltan jende mordoxka bildu zen, baita Askatasuna plazan Iñaki Larrañaga "Larrak" eskaini zuen dj saiora ere. Eguna argitu arteko parranda giroa egon zen Usurbilen. Eta atzo goizean beste herritar batzuk hartu zieten lekukoa. Usurbildar talde batek mendian eman baitio ongi etorria 2014ari. Indartzen ari den ohitura dugu, urte berri egunez mendira igotzea. Usurbildar talde bat, Andatzan izan zen atzo, urte berri egunez. Babes lekuan atera zuten argazkia duzue ondokoa.
Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak antolatu ohi dituen txangoetan parte hartu duten hainbat usurbildar ditugu irudi horretan. 2014ko lehen mendi irteera izan dute. Baina ez azkena. Andatzakoak aurtengo txangoen egutegia lantzen hasiak dira jada.