Urtarrilaren 11n Bilbora joateko autobusak Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 2a, 00:00

Bi autobus zerbitzu antolatu dituzte; lehenengoa goizeko 10:00etarako, bigarrena arratsaldeko 15:00etarako. Tantaz Tanta bilguneak euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, Bilbon deitu duen egun osoko ekimenera joateko autobus zerbitzuez ari gara. Izena emateko zerrendak ohiko lekuetan jarri dituzte jada.

ATXIKIMENDUAK BILTZEN
"Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" lemapean, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioa deitu du "Tantaz Tanta" ekimenak, urtarrilaren 11rako Bilbon. Ez da ohiko manifestazio handi bat izango, antolatzaileek sakabanaketaren aurkako itsaso handi bat osatzera joateko gonbita luzatzen diete herritarrei.

Egun osoan ekitaldiak izango dira goizeko 11:00etan hasita Areatzan, lau guneetan banatuta.  Musika emanaldiak, haurrentzako ekitaldiak, jan edana eta abar egongo dira bertan. Halere, eguneko hitzordu garrantzitsuena arratsalderako finkatu dute. 17:30etan, bi "olatu" handi osatzeko deia egiten diete herritarrei, bata Casillatik abiatuko dena, bestea udaletxetik. Ordubetera, "itsasoa" osatuko dute Bizkaiko hiriburuan. Gero, ekitaldiak izango dira Areatzan, gaueko 23:00ak arte. Urtarrilaren 11ko mobilizazio egunari begira, norbanakoen atxikimenduak biltzen ari dira Tantaz Tanta ekimeneko web gunean: www.tantaztanta.info

EGITARAUA

1. GUNEA: Karpa handia (11:00-23:00) 
11:00 Zanpantzarra. 
11:00-12.30 Haurrentzako emanaldia. Ane eta Piratekin parrandan. 
12:30-15:00 Kolaboratzaileak: Petti, Francis (Doctor Deseo), Gozategi, Kokein akustikoa, Occhi di Farfalla, Uluka, Hesian akustikoa. Xabi Solano & Zigor DZ. 
15:15-17:00 Tximeleta 
17:00-19:00 Denok itsasora 
19:30-22:30 Kontzertuak: Gose; Xutik; Kaotiko 

2. GUNEA: Karpa txikia (11:00-22:30) 
11:00 Sukaldearen irekiera: pintxoak, txahala, krema beroak eta kafea. 
13:00-17:00 Bokatak, taberna, materiala. 
17:00-19:00 Denok itsasora. 
19:00-22:30 Bokatak, taberna, materiala.  

3. GUNEA: Pasealekua (11:00-21:00) 
Erakusketa: presoek egindako artelanak 
Tantarikaturak: marrazkilari batzuek eginak 
Enkantea: pertsona ospetsuen dohaintzak. 19:00ak arte dago aukera postura egiteko. 
13:00-15:00 Enkantea hortxe bertan (kalitateko produktuak). 
21:00 Zozketa berezia: Motozikleta (Scooter). 

4. GUNEA: Arkupea (11:00-17:00) 
11:00-17:00 Puzgarriak. Rokodromoa. 
11:00-13:30 Haurrentzako jolas eta tailerrak 
12:00-13.00 Pailazoak: Puski eta Txurruski