Herri oso baten maitasuna eta miresmena gutxik lortzen dutela zioten azken orduotan sare sozialetan. Ez zitzaion arrazoirik falta hitzok idatzi dituenari. Jon Uribek aise lortu baitu guztion maitasun eta miresmena. Horren lekuko, kalean bakarrik ez, azken orduotan sare sozialetan, Usurbilek eta usurbildarrek Uribe zenbat maite duten adierazteko idazten ari diren mezuak.
Atzo gauean, larri zela zabaldu zenetik animoak bidaltzen aritu ziren herritarrak. Goizean gure artetik joan dela jakin denetik berriz, maitasun eta elkartasun mezuak ugaritu dira, eta nola gainera bai Twitter edo Facebook bidez.
Jonek, senideekin batera, lagun asko utzi baitu herrian. Eta sare sozialak, azken orduotan horren guztiaren isla izaten ari dira. "Pertsona gutxik dutelako herri oso baten maitasuna eta miresmena lortzeko abilezia! Gero arte Jon!, "Jontxu ez zaitugu ahaztuko", "Beti egongo zara gure bihotzetan Jontxu!", "Jon beti gure bihotzean!", "Izar handi bat piztu zaigu zeruan. Beti egongo zara gure bihotzetan Jon!", bezalako mezu hunkigarriak zintzilikatu dituzte usurbildarrek. Eta hitzokin batera, Jonen zenbait argazki, beti irribarre goxo batekin ahoan, eta lagunez inguratua.
"ZURE BIZIPOZA ETA LAGUNTASUNA UTZI DIGUZU BETIRAKO"
Norbanakoez gain, Ernai Usurbil bilgunetik ere honakoa idatzi dute: "2014a hasteko albiste tristea; Usurbilen hain maitea dugun Jon Uribe gaztea zendu da. Beti gazte, ohorea izan da zure bidelagun izatea!!!". Laket taldetik ere, esker hitzak Jonentzat: "Zure bizipoza eta laguntasuna utzi diguzu betirako, eskerrik asko eta gero arte Jon". Eta hauek bat batean irakurri ahal izan ditugun mezuetako batzuk dira. Gehiago bai baitira. Herri osoak nabari du Jonen hutsunea.
Jon Uriberen aldeko hileta ostiral iluntzeko 19:00etan Salbatore Parrokian. Gorpua Usurbilgo hilerriko tanatorioan egongo da, bihar arratsaldeko 18:00ak arte.