"Ez gatoz preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekarpen soila egitera, baizik eta gatazkaren konponbide integralerako, hau da, nazio eta erabakitzeko eskubidearen ukapena gainditzeko, euskal preso eta iheslari politiko guztiek lehen mailako agente politiko izan behar dutela aldarrikatzera gatoz eta konponbide hau benetakoa bada, euskal preso eta iheslari politiko guztiek etxean eta libre egon beharko dute, lehenengotik azkenengoraino", zioten abenduaren 20ko NOAUA!rako, Usurbilen martxan dagoen Denak Ala Inor Ez gazte dinamika berriko kideek.
Testuinguru honetan hainbat hitzordu deitu dituzte eguberriotan; azken ostiraleko elkarretaratze berezia egin zuten abenduaren 27an, eta gabonetako beste bi ekimenetara presoen eskubideen aldarria zabaltzeko gonbita ere bai; bai abenduaren 25ko olentzero-jira berezira, edota astearteko Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketara joateko deiak hain zuzen.
ELKARTASUN OLATUA OSATZERA LARUNBATEAN
Urte hasiera honetarako ekimen gehiago antolatu dituzte. Asteburu honi begira adibidez, ostiralean bertso musikatuen saioa antolatu dute Txiribogan. Larunbaterako Denak Ala Inor Ez Eguna. Etzi, goizez koadrilen arteko jokoak egingo dira frontoian. Arratsalde partean, eta urtarrilaren 11n Tantaz Tanta ekimenak Bilbon deitu duen egun osoko ekimena girotzeko bi hitzordu deitu dituzte; manifestazioa lehenik, eta Tantaz Tanta olatua osatzeko gonbita gero. Kontzertuekin borobilduko duten egunerako bazkaria antolatu dute Aitzaga Elkartean. Otordurako txartelak salgai daude jada, 8 eurotan.
Egunotarako hitzorduen zehaztasun gehiago, segidan:
URTARRILAK 3, OSTIRALA: BERTSO MUSIKATUAK
Ordua: 19:00.
Tokia: Txiriboga.
Antolatzailea: Denak ala inor ez.
Parte hartzaileak:
-Musikariak: Eneko Sierra eta Ixak Arruti.
-Bertsolariak: Iñigo Manzisidor "Mantxi", Manex Mujika, Arkaitz Oyarzabal "Xamoa", eta Jokin Labayen.
-Gai jartzailea: Aritz Casabal.
URTARRILAK 4, LARUNBATA: DENAK ALA INOR EZ EGUNA
11:30 Koadrilen arteko jokoak frontoian.
14:00 Gazte bazkaria Aitzaga Elkartean. Menua: paella, petxuga tomatearekin, izozkia, kafea eta kopa.
Prezioa: 8 euro. Txartelak salgai, Aitzaga Elkartean.
18:00 Manifestazioa trikitilariekin.
19:00 Tantaz Tanta olatua frontoian.
22:00 Kontzertuak Usurbilgo Gaztetxean.
URTARRILAK 11, LARUNBATA: BILBORA JOATEKO AUTOBUSAK
Deialdia: Tantaz Tanta ekimenak Bilbon antolatu duen mobilizazio egunera joateko autobusa.
Irteera orduak Usurbildik: 10:00/15:00.
Izen ematea: zerrendak ohiko lekuetan.
Antolatzailea: Denak ala inor ez.