Gutxitan ikusi da halakorik, baina zalantzarik gabe Jon Uribek lor zezakeen. Azken orduotan kalean edota sare sozialen bidez bizitzen ari garenak, guztiz hunkitzen du edonor. Uriberen omeneko mezuek ez dute etenik. Eta ikusgarria da gainera, zer nolako oihartzuna duten. Esandakoa, Jontxuk lortu zezakeen herri oso batek maitatua eta miretsia izatea.
Mezu guztien aipamena egitea hemen ezinezkoa da, ziur bat baino gehiagorenak jaso gabe utziko genituela. Jonek nonahi zituen eta lagun on askoak. Eta bakoitza bere modura omentzen ari da Uribe. Adibidez, Jontxurekin partekatutako hainbat une pozgarriren irudiak zintzilikatu dituzte zenbait usurbildarrek. Tartean, albiste hau ilustratzeko sare sozialetatik hartu dugun argazkia.
MEZUAK ETA OLERKIAK
Atzo goizetik bestalde, etengabeak dira, Twitter edota Facebook bidez herritarrak Jon Uriberen omenez, idazten ari diren maitasunez beteriko mezuak:
"Ez zaitugu inoiz ahaztuko",
"gure artetik joan zara baina gertu sentituko zaitugu beti! Handia zinen, zara eta izango zara! Agur eta betira arte Jon!"
"Jontxu maite zaitugu! Betirako gure bihotzetan!"
"Usurbilgo leyenda bat hil da!! Oso tipo jatorra zan!!!"
Gogoan dute bai Jon nolakoa zen, edota bizitza bizitzeko izan zuen modua txalotzen dute askok. Ernai Usurbil bilgunetik honakoa idatzi berri diote: "Jontxu, beti errebelde, gaztetasuna jarrera kontua denaren isla. Hire bizitza, hire borroka... gure eredu!!!"
Jonentzako hitzak, baita senideentzako animuak ere. "Beti egongo zara usurbildarron bihotzetan Jon! Animo asko familia osoari!".
ILOBEN IZENEAN...
Mezuekin batera hainbat olerki irakurri ahal izan ditugu. Hemen, iloben izenean argitaraturiko eskelan jasotakoa:
Nola lainoak menditik,
joan zara gure artetik
soinurik gabe, baimenik gabe...
Maite zaituen lurretik.
Mila esker ta ez adiorik
Jontxu iloben partetik.
UDARREGI IKASTOLATIK...
Eskela sentikor hau eskaini diote Joni. Gaurko BERRIA egunkarian irakurria:
Mutil bikaina, lagun aparta,
denon kuttuna...
Bazoaz gugandik,
Urte Berriaren lehen txinpartaz!
Gure artean izango zara betiko!
UDAL LANGILEEN PARTEZ...
Lankide zituen Usurbilgo Udaleko kideek ere honako olerkia idatzi diote Uriberi:
Jontxuri
Udaletxeko leihoak daude
triste, ilun eta malkoz.
Gure artetik Jon joan zara
ustekabean, betikoz.
Zu izan zara urte hauetan
dena ona, dena bihotz.
Gure gogoan egongo zara
beti alai ta beti poz.
Udaleko lankideak
KALEZARKO JAI BATZORDEAREN IZENEAN...
Handia zinen gure artean,
lanean eta laguntasunean.
Handia zinen gure bihotzean eta
handia zara gure oroimenean.
Auzotarrok sekula ez zaitugu ahaztuko.
GUREAK TALDETIK...
Beti gogoan izango zaitugu
Lasarteko Gureak-eko zure lankideak.
83-85 URTE ARTEAN JAIOTAKO LAGUN KOADRILA BATEN IZENEAN...
Gaur arratsaldeko hiletan, Jonentzako lore sorta bat baino gehiago ikusiko dugu. Horien artean koadrila desberdinenak. Lagun taldeotako batek Jonen omenez idatzi duen olerkia segidan:
Jontxuri
Inork nahi edo espero gabe, gaur bapatean joan haiz
Euskal Herri osoan, ezagun hitzen, bai
Hi hitzen guztion lagun, gu guztion anai
Bihotz haundi horrekin biguntze huen nornahi
Beti hain zintzo eta, bizitzan hain alai
Hire islada utzi duk guztiongan ta non nahi
Askeetan askeena, beti pozez egon haiz
Izan hadi ba aske ta zoriontsu, lehen bezela orain.
Jon Uriberen aldeko hileta gaur arratsaldeko 19:00etan Salbatore Parrokian. Gorpua 18:00ak arte Usurbilgo hilerriko beilatokian egongo da.