Usurbil erdigunean bere txokoa du gaurtik Jon Uribek

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 4a, 00:00

"Irribarrea hire borroka, besarkada hire iraultza, hi gure eredu. Eskerrik asko Jontxu". Hitzok, eta pozik asko, lagunez inguratua ageri zaigun irudi batekin, Jon Uribek bere txokoa izango du gaurtik aurrera Sutegi atarian, eguerdi partean, Jontxuren senide eta lagunek osatu duten ondoko argazkiko muralari esker. Murala, zatika eraikitzen joan dira, Uriberen anai-arreba, iloba edota estimu handia zioten hainbat lagun. Hunkigarria izan da murala osatzen amaitu duten unea. Azken mural zatia Jonen anaia Ramonek jarri du, bertaratu direnen txalo artean. Jonen omeneko ekitaldia amaitzeko, ondoko taldeko argazkia atera dute.

Ekimen berezi honekin abiatu du Ernai gazte erakundeak, preso eta iheslarien eskubideen alde larunbat honetarako antolatua zuen "Denak Ala Inor Ez Eguna". Goizerako iragarriak zituzten koadrilen arteko jokoak bertan behera utzi dituzte, eta aipatu moduan, Jon Uribe omendu nahi izan dute ekimen berezi honen bidez.

Jendetza bart, hiletan
Jon Uriberen heriotzaren berri izan zenetik, sare sozialek Uriberen aldeko elkartasun eta maitasun mezu uholdearekin gainezka egin zuten moduan, beste hainbeste gertatu zen atzo Jonen aldeko hiletan. Salbatore Parrokia txiki geratu zen, herrian hain maitatua zen gaztea agurtzeko. Eta jendetza bildu zen baita eliza atarian edota Dema plaza inguruan. Jonek herri oso bat mugitu zuen bere azken agurrera. Sare sozialetan gertatu moduan, lore sorta, olerki eta abesti eta guzti agurtu zuten Jon.