Horiexek dituzue Meltxor, Gaspar eta Baltasar frontoira iritsi eta egin dituzten lehen adierazpenak. Askok garai zailak bizi dituzten honetan, baikortasuna zerion, hiru erregeek harrera egitera hurbildutako herritarrei irakurri dieten mezuak:
"Urtero bezala bide luze bat egin dugu, bide luze eta neketsua. Baina azkenean iritsi gara zuengana. Egunok eta urteok nahiko gogorrak izan dira familia askorentzat. Familia askok langabezian, pobrezian, beste era batera bizi izan behar dituzte gabonak. Eta Errege Eguna baita ere. Baina gu hemen gaude, zoriontasuna banatzeko, maitasuna, adiskidetasuna, beste opari batzuen tartean".
Txikienak, urduri
Haur eta heldu, usurbildarrek miresmen handiz hartu dituzte urtero moduan, hiru erregeak. Batzuk segika izan dituzte, bidea argitu dieten antortxeroen laguntzaz Kaxkoa zaldi gainean zeharkatu duten ibilbidean. Aipatzekoa, Ziortza Gazte Elkartekoek gaurko hitzorduak antolatzeko egin duten lana. Gehienek, helmugan itxaron diete, frontoiko babesean. Harrera egin, eta aipatu mezua irakurri ostean, etxeko txikienekin egoteko tarte luzea hartu dute hiru erregeek. Honez gero, urduri baino urduriago izango dira etxeko txikienak. Bihar goiza heltzeko irrikitan. Jaiki eta erregeek ekarri dizkieten opariak irekitzeko gogoz, ezustekoz beteriko unea heltzeko itxaron ezinik.