Eguberrietako kantu saioen ostean, orain danborrada prestatzera

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 7a, 00:00

Bi asteko oporren ostean, gaur itzuli dira ikasgeletara Udarregi Ikastolako langile eta ikasleak. Urtarrilaren 7 hau zuten 2013-2014 ikasturteko bigarren hiruhilekoa abiatzeko eguna. Jai giroan, gabon kantak abestuz joan ziren oporretara. Orain, itzuleran, beste jaialdi bat prestatzeko lanetan murgilduko dira. San Sebastian egunari begira jarriko dira ikastolakoak.

Ohi denez, San Sebastian egunaren bezperarako antolatu ohi dituzte ikasleen danborrada saioak, urtarrilaren 19an. Aurten ordea, hilaren 19a igandez egokitzen da, eta honenbestez, bi egun lehenago ospatuko dira ekitaldiok. Urtarrilaren 17ko bazkalostean.

Santa Ageda eta inauteriak gero
Donostian baino lehenago, danborra jotzen lehenak izango dira Udarregi Ikastolakoak urtero moduan. Baserritar jantziekin eta makila kolpatuz abestera irtengo dira kalera bestalde, Santa Ageda bezperan. San Sebastianen osteko ikastolakoen hurrengo ekitaldi hau, ohi bezala, otsailaren 4an. Eta 2014ko bigarren hilabetea, mozorrotuta agurtuko dute. Otsailaren 28an, HH, LH eta DBH-koek inauterietako emanaldia eskainiko dute Oiardo Kiroldegian. Eguberrietako oporraldira jai giroan joan ziren moduan, itzuleran jai giroan murgiltzeko beste hiru hitzordu dituzte ikasleek; San Sebastian, Santa Ageda eta inauteriak.