Aurreikuspen guztiak gainditu dira antolatzaileen esanetan. Espero baino harrera hobea izan du Errigorak, AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Zazpiak Bat elkarteen babesarekin udazkenean antolatu zuen elkartasun kanpainak. Ekimen honen helburua, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza lagundu eta bertan ekoitzitako produktuak sustatzea zen.
Bai euskalgintzara, bai erriberako landa eremura laguntza bideratzeko saskiak salgai jarri ziren hainbat eta hainbat herrietan. Esandakoa, elkartasun kanpainak espero baino harrera hobea izan da. 8.000 saskitik gora banatu dituzte Euskal Herri osoan eta 112.000 euro bildu dira.
Diru kopuru horretan usurbildarrek ere bere ekarpena egin dute. Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuez hornituriko 30 saski inguru saldu zituen NOAUA!k Usurbilen. Harrera ezin hobea izan du Errigoraren egitasmoak. Pentsa, epez kanpo ere jendeak saskiak eskatzen jarraitu du.
Esperientzia errepikatzekotan
“Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka”, lemapean buruturiko ekimenak izan duen arrakasta dela eta, antolatzaileak pozik dira. “Esloganak berak dioenari jarraituz, sekulako puzkada egin dugu denon artean”, adierazi dute. Elkartasun kanpaina honetako eragileek, herritarrak zoriondu nahi dituzte. “Egin zitezkeen aurreikuspen onenak ere gainditu ditugu. Horregatik, proiektu honetan parte hartu duten herritar guztioi zorionak. Itzela izan da!”, adierazi dute.
Aurreikuspenak gainditu dituztela ikusita, esperientzia errepikatzekotan dira. Aurretik, edizio honetan bildutako laguntza, aurrez hitza emana zuten moduan, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzako proiektu desberdinetara bideratuko dute: Lodosako ikastolara, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenera eta Erriberako AEK-ra. Elkartasun ekimen honekin, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza soilik ez, hango nekazal produktuak ere sustatzen jarraitu nahi dute.