Zuberoako Sohüta udalerriko ikastetxea laguntzeko Nafartarrak taldeak Usurbilen bideratu duen kanpainaren baitan, 2012ko edizioan baino %36 otar gehiago saldu dira hemen. Guztira, 7.400 euro bildu dira, zuberotarrek, Nafartarrak taldeko ordezkariekin batera, abenduaren 22ko Santo Tomas Azokan berri eman zuten moduan. Pozik eta esker oneko agertu ziren laguntza jasoko duten ikasle eta gurasoak. Baita, elkartasun kanpaina honen koordinatzaile Beñat Etxebeste ere. Astekari honetarako elkarrizketatu dugu. Lerrootan baloratu du, eguberri aurretik amaitu zuten kanpaina.
Iaz baino erantzun hobea izan du elkartasun kanpainak Usurbilen. Zer balorazio egin dezakezue? Zer esan kanpainan parte hartu duten usurbildarrei?
Beñat Etxebeste: Xiberoko Eperra ikastolako otarren kanpainak arrakasta polita izan du aurten ere. Duela 10 urte zabaldu sail horrek, pixkanaka, bere garrantzia hartu du. Joan den urtekoa konparatuz, %15 otarre gehiago saldu dugu, oro har Gipuzkoa eta Bizkaian. Puntu berezia, Usurbil: hor %36 otarre gehiago!! Aupa Usurbil! Nola argitu ditzakegun datu horiek? Kalitatezko jakiak saltzen ditugu, hori alde ona. Baina krisi ekonomikoa izanik, bagenituen aurten beldur batzuk. Nik uste, arrakastaren argudio handiena dela lotura. Urtez urte gure artean ehuntzen den lotura. Duela 30 urte, Euskal Herriko hegoak ez zuen iparra ezagutzen. Eta iparrak, ez hegoa. Auzo eta arrotz. Gaur eta egunero hobeto, jendeek gehiago elkar ezagutzen dute. Usurbilen baditugu enbaxadore eten gabean lanean ari direnak. Zenbat herritar lagundu dute Xiberora? Zenbat Xiberotarrei batzarri ona egin Usurbilen? Berek balakite, baina nombreaz ez dute axolik.
Zer nolako lana dago horrelako kanpaina bat antolatzen?
Kanpaina antolatzeko, Xiberoko Eperra ikastolako etxeko talde bat bagaude. Bost lagun deliberoen hartzeko, hogei bat otarren osatzeko, sei harien banatzeko. Berezitasun bat: otarretan diren mozkin guztiak, ikastolako guraso diren edo izan direnak eginak dira. Zinez hunkigarria da, alde batetik, Usurbilek hainbeste eskaera helarazten duenean, eta bere denboran, nekazari batek, bere haurrak ikastolan izanak duela 20 urte, bere kamioia urririk prestatzen duenean otarrak banatzeko.
Iaz jasotako laguntza zertara bideratu ahal izan duzue?
Eperra ikastola, Sohüta herrian kokatzen da, Maule ondoan. Duela 15 bat urte, bastiza zahar batetarik ikastola egin zen. Usurbildar zenbaitek orduan, txastatu ahal izan dute Euskal Herriko harriaren gogorra, beharrez, zintzurreko hautsa patxaran goxoz eztituz. Bi kantore eta horra ... mundu berri ! Duela 3 urte ikastola handitu dugu eta, jarraian, lehen partea zaharberritu. Hiru urtez 10 bat guraso izan da lanean larunbatero. 2013ko ekainean lanak osoki amaitu dira. Orain dugu ikastola oso berritu bat. Otarrekin bildu diruak laguntzen gaitu gastu horien ordaintzen eta emeki emeki gure aitzinkontuaren orekatzen.
Zer eskatzen dio Eperra ikastolak eta oro har Ipar Euskal Herriko ikastolek urte berriari?
Oraino haur gehiago Xiberoko ikastoletara. Bai Sohütara (Eperra Ikastola), bai Alozera (Basabürüko ikastola)! Iparraldeko ikastola hainitzek badute egoitzen handitu beharra. Frantziak garapen hori trabatu nahi du, duela 2 mente bozkatu lege bat baliatu.
Besterik esan nahi zenuke?
Gaur, Xiberoko haurren %15a Xiberoko bi ikastoletan ibiltzen dira. Atzo, Euskararen militanten haurrik baizik ez bazen, goizetan kanpoko atearen pusatzeko, egun, ikusten dugu jende berria. Euskal mundu tradizionaletik hurrun diren batzuk, nahiz Xiberoan sortuak edo beste batzuk, lanarengatik Maulera bizitzera joanak direnak. Horra lan sail berri bat: nola integratu jendetze berri hori ? Nola txestarazi, gozarazi, euskal bizi modua? Sail berri hortan ere, dudarik gabe, badaukagu usurbildarren lagungoaren beharra. Nola hobeki komunikatu? Nola euskaldunen arteko sarea azkartu? Urratsez urrats, eskuz esku, bidea dezagun segitu! Eskerrik hanix, hainen beitzaituztegu senditzen hurbil!