Patxi Segurola aske utziko dute, informazio gehiago 20:00etako elkarretaratzean

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 8a, 00:00

Gaur iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan elkarretaratzea deitu da urgentziaz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen aurkako polizia operazioa burutzen ari baita Espainiako Guardia Zibiia. Hedabideek zabaldu dutenez, guztira zortzi dira Guardia Zibilak atxilotu dituen euskal herritarrak: Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz.

Atxiloketok Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan burutu dira. Hainbat etxe eta egoitza miatzen ari da Guardia Zibila. Besteak beste, gertuen, Lasarte-Orian Jose Luis Camporen bizilekua, edota Hernanin Jon Enparantza abokatuaren lantokia. Naiz.info-ren arabera, miaketak burutzen ari dira baita, Donostian, Lekeition, Burlatan edo Iruñean. Azken polizia operazio hau salatzeko mobilizazioak deitu dira gaur iluntzerako, Euskal Herri osoan. Usurbilen, 20:00etan Mikel Laboa plazan, "Utzi bakean Euskal Herria. Atxilotuak askatu!" lemapean.

Mobilizazioaren berri jasotzearekin batera, azken orduko beste albiste bat ere izan dugu; datozen orduotan, Patxi Segurola baldintzapean aske utziko dute. Albiste honen inguruko informazio gehiago, 20:00etako elkarretaratzean.