Agurtu berri dugun azken urteko balantzea egin du Gipuzkoa Zero Zabor herri mugimenduak. Balantze positiboa, ezbairik gabe. GZZ-tik diotenez, "2013 urtea, Gipuzkoan, Zero Zabor bidean urrats handiak egin diren urtea izan dela ikus dezakegu".
Hamarkada luze batez azpiegitura kutsakor baten mehatxupean bizi ostean, azaroaren 13an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta enpresa taldeak Zubietako errauste planta behin betiko bertan behera utzi zuen akordio historikoak baldintzaturiko urtea izan da joan berri zaiguna. GZZ-tik dioten moduan, "errausketaren arotik zero zabor arora" pasa garen urtea. "Errausketaren eta zaborraren aroari amaiera eman zaio Gipuzkoan, eta zero zabor aroan barneratzen hasi gara, hondakinak arazo eta kutsadura iturri bihurtu beharrean, baliabide bezala kudeatzeko aroan", azaldu dute.
"Ikaragarri aurreratu dugu" baieztatu dute bilgunetik, zero zabor eredua eraikitzen hasi besterik ez gara egin, baina oraindik "hobekuntza tarte handia dago". Abenduaren 29an Usurbilen antolatu zuten "Nik ere erraustegia gelditu dut" jaialdian zioten moduan, errauste planta proiektua bertan behera utzita, "garaipen berriak ditugu zain": Gipuzkoa zero zabor lurralde bihurtzea. Norabide horretan kokatuko dira hain zuzen, estreinatu berri dugun 2014 honetarako GZZ-koek finkatuak dituzten erronkak. "Zero Zabor bidean lortzeke dauzkagunak asko dira. Zabortegi kutsakorrak ixtea, hondakinak tratatzeko azpiegitura berriak eraikitzea, errefusari toxikoak ez diren tratamenduak ematea, gaikako bilketa eraginkorra herri guztietara zabaltzea...", GZZ-koen esanetan.
Helburuok lortzeko bidea, erraza ez dela izango diote. Baina 2013an eman diren urrats historikoen bultzadaz, zero zabor bidean sakontzen jarraitzeko asmoa dute. "Oztopoak jarri dizkigute eta oztopoak jarriko dizkigute, zenbaitzuk, herritarren osasuna eta ingurumenaz oso bestelako interesak lehenesten dituztelako, baina aurrera egin dugu eta aurrera egingo dugu, Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izango dela erabaki baitugu. Gure xedea lortuko badugu, oztopatzaileek zer egiten duten begira egotea baino, gure bidean aurrera jarraitzea da garrantzitsua. Segi dezagun lanean bada. 2013 urteko lorpenak aurrera egiteko pizgarri apartak dira", diote.
Kutsatzeko eskubidea, inork gutxik defendatua
Pizgarri horien artean nabarmentzen dutenez, 2013an zehar pentsaera mailan eman diren aurrerapauso garrantzitsuak daude. "Gipuzkoan, lehen ez bezala, gaur egun inor gutxik defendatzen du publikoki kutsatzeko eskubidea, hondakinekin sudur puntan jartzen zaiguna egiteko eskubidea daukagula alegia. Hondakin birziklagarriak gaika bildu behar direla diote eragile ia guzti-guztiek", GZZ-tik gogorarazten dutenez.
Bilketa sistemari dagokionez, bost edukiontzien sistemaren porrota agerian utzi duen urtea agurtu dugula diote: "Bilketa sistemen arteko eztabaidan ere urratsak egin dira. 5 edukiontziko sistemak “birziklatzeko” balio ez duela gero eta agerikoagoa da, bilketa datuek nabarmen uzten baitute hori. Emaitza ziurrak ematen dituen atez ateko bilketa ezarri nahi ez bada, beste zer edo zer asmatu beharra dagoela entzutera pasa gara 2013an zehar sistema honen aurkakoen ahotik. Beste sistema horiek definitu eta horien balioa frogatzeke badago ere, porrot ziurraren bidea zein den garbi edukitzea aurrerapen handia da".
Hau gutxi ez eta, pertzepzio aldaketa bat eman dela ere sumatzen dute GZZ-tik: "Atez ateko bilketa eraginkorra zeukaten herriak zikinkeriz eta arratoiz beteta zeudela ziotenek, orain, pertzepzio hori “subjektiboa” dela esatera pasa behar izan dute, Izan ere, errealitatea handiegia egin zaie gezurrekin estaltzen segitu ahal izateko".
%70etik gorako gaikako bilketa, Gipuzkoako udalerrien heren batean
2013ko lorpenak datuekin ere islatu nahi izan du Gipuzkoa Zero Zaborrek:
-5etik 27ra hazi da, hondakinen %70a baino gehiago gaika biltzen duten udalerri kopurua.
-Gipuzkoak 89 udalerri ditu: beraz, hirutik batek hondakinen %70etik gora gaika biltzen du (askok %80tik gora).
-Mankomunitateetan; Sasietak hondakinen erdia baino gehiago gaika biltzen du.
-Organiko guztia herrian bertan konpostatzen duten udalerri kopurua batetik (Orendain) zortzira igo da.
-Hondakin organikoa konpostatzen duten udalerri kopurua %50 hazi da.
-Auzokonpostatzea: 8 herritik 39ra zabaldu da. Ia 5 aldiz biderkatu da. Auzokonpostatzaile kopurua 6 aldiz hazi da.