Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen aurka azken orduotan burutu den polizia operazioan izan diren atxiloketak salatzeko, elkarretaratzea egin da iluntzean Mikel Laboa plazan. Bertan eman da, gaur bazkalostetik jazo diren gertakarien berri. Baita azken orduan ezagutzera eman den beste albiste baten inguruko zehaztasunak ere; ia hogei urtez herritik kanpo egon ostean, berriz ere etxera bueltan izango dela datozen orduotan, Patxi Segurola.
Aginagarra baldintzapean aske utzi dute jada, atzotik preso zuten Extremera espetxean. Atzora arte hain zuzen, Madrilgo Soto del Real kartzelan zegoen, baina aipatu moduan, Extremerara lekuz aldatu zuten Usurbil Eginez atariak berri eman duenez. Eta gaur arratsaldeko azken orduan jakin denez, Segurola baldintzapean aske geratu da. Senideak Patxirekin dira, eta atzerapenik ez bada, goizaldean helduko da Usurbila.
"Utzi bakean Euskal Herria, atxilotuak askatu" aldarripean, azken atxiloketak salatzeko egin den Mikel Laboa plazako mobilizazioan eman dira Segurolaren inguruko azken orduko albisteok. Baina aurreikusi moduan, Euskal Herrian burutu diren beste hainbat mobilizazioetan gertatu bezala, azken atxiloketak salatu dira frontoi atzeko elkarretaratzean. Gaur egin diren 8 atxiloketa eta miaketak, bake bidean urratsak ematen dituztenen aurkako erasoa dela salatu da. Eta orain, asteazken honetako gertakarien aurrean, etsipenean sartu ordez, konponbidearen aldeko indarrak batu behar direla nabarmendu dute.
Mobilizazioak egunotan, gaurko atxiloketak salatzeko
Zentzu horretan, Tantaz Tanta ekimenak larunbaterako Bilbon deitu duen mobilizazioetara joateko gonbita luzatzen zaie usurbildarrei. Udalerri honetatik, Bizkaiko hiriburura joateko autobus zerbitzua antolatu dute urtarrilaren 11rako; goizeko 10:00etarako eta arratsaldeko 15:00etarako. Autobusean izena emateko orriak ohiko tabernetan jarriak daude.
Aurretik, gaurko atxiloketak salatzeko mobilizazio gehiago deitu dira. Ostegun goiz honetan, eragile desberdinek agerraldia egitekoak dira Bilbon. Arratsaldean mobilizazioak herrietan; baita Usurbilen ere. Eta ostiralean, eguerdiko 12:00etan elkarretaratzeak deitu dira hiriburuetako udaletxe atarietan. Gipuzkoa mailakoa, Donostiako udaletxe parean. Usurbildarrak ostiralean Donostiara, eta egunotako beste hitzorduetan parte hartzera deitu dituzte, Mikel Laboa plazan burutu den elkarretaratze amaieran.