Bost ordu inguruko itzulera bidaiaren ostean, goizaldeko 7:00ak aldera heldu da Patxi Segurola, senide eta lagunekin batera Usurbila, usurbileginez.com atariak berri eman duenez. Atzo arratsaldeko azken orduan Patxi Segurola aske utziko zutela jakin bezain laster, bere bila joandako senide eta lagunok goizaldeko 2:00ak inguruan elkartu dira Patxirekin, Estremeran, Madrilen.
Urtarrilaren 7ra arte, Soto del Realen zuten preso. Aipatu moduan ordea, Estremarara lekuz aldatu zuten herenegun. Egunbete izan zuten espetxe honetan, atzo arratsaldeko azken orduan baldintzapean aske geratu zela jakin zen arte. Senide eta lagunak Estremerara abiatu ziren, eta aipatu moduan, goizaldean Patxirekin elkartu ostean, gauean zehar etxerako bidaia egin dute guztiek.
Baldintzapean aske, espetxe zigor osoa bete eta hiru urtera
Aginagarra, 2014. urte hasiera honetan geratu da baldintzapean aske. Segurolak ordea betea zuen espetxe zigor osoa, 2010. urte amaieratik. Aske geratzear zegoenean ordea, Autunen konfinatu zuten, sorterritik 850 kilometrotara. Eta egoera berean, egon da bi urte eta erdiz. Autunetik atera ezinik eta egunero, bere burua bitan jendarmerian aurkeztera behartua. Tarte horretan, espainiar estatuak Patxi estraditatzeko bi eskaera egin zituen. Horren aurrean aurkezturiko helegiteak ez zituzten aintzakotzat hartu.
Frantziako Estatu Kontseiluak Patxi Segurola herritarraren estradizio eskaeraren gauzatzea aztertu zuen joan den ekainaren 24an. Eta handik bi astera, uztaila hasieran jakin zenez, estradizioa gauzatzea onartu zen. Estradizioa edozein unetan gauzatu zitekeen. Une horretatik aurrera, erabakion aurka mobilizatu ziren herritarrak, elkarretaratze eta agerraldi baten bidez. Patxi ordea, Autunen izan zuen beste hiru hilabetez, pasa den irailaren 27an atxilotu, estraditatu eta Madrilgo Soto del Realen espetxeratu zuten arte.
Estradizioaren harira, iraila amaieran hainbat mobilizazio burutu ziren herrian: elkarretaratzeak, giza-katea, edota mozio bat ere onartu zuen Udalak ezohiko osoko bilkura batean. Aipatu moduan, asteartera arte Soto del Realen izan dute Patxi. Duela bi egun, Estremerara lekuz aldatu zuten. Atzo bat batean jakin zen azken orduko albistea; baldintzapean aske utzi zutela Segurola. Ia 20 urteren ostean, senide eta lagunekin batera gaur goizaldean itzuli da sorterrira.
Irudia: usurbileginez.com ataritik hartua.