Hondakinen kudeaketari loturiko plangintzan jasoa dagoen moduan, tratamendu mekaniko-biologikorako eta konpostatze planta bana eraiki asmo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan. Baita bi konpostatze planta ere, bat Deba Goienan eta bestea Sasieta Mankomunitatean. Debagoienakoa Epelen, Bergaran kokatuko dena eraikitzeko lanak, gutxi barru abiatuko dituzte, Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazi zuenez. Epeleko planta, egun Gipuzkoak sortzen duen organiko guztia konpostatzeko gai izango dela iragarri du Errazkinek.
Bilera erronda, adostasunera heltzeko
Enpresekin adosturiko akordio batekin, Zubietako errauste planta proiektua behin betiko bertan behera geratu zela berri eman zutenean, besteak beste, lehen hilabete hauetarako lan ildoak zeintzuk izango ziren iragarri zuen Foru Aldundiak. Besteak beste, eragile politikoekin elkarrizketa erronda bat egingo zutela, Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketaren inguruan ahalik eta adostasun maila handiena biltzeko. Hain zuzen, Errazkinek Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo adostasunerako deia egin zuen. Eta datozen asteotarako bi hitzordu iragarri zituen; batetik, urtarrila amaieran, hondakinen alorreko Aholku Batzordea deituko duela Aldundiak. Eta lehenago, alderdi politikoekin elkartuko direla.
Errazkinen esanetan, "helburua alderdi politikoen eta eragileen iritzia biltzea eta adostasuna bilatzea da, Gipuzkoak behar dituen azpiegiturak izan ditzan hondakinak modu arrazionalean eta iraunkorrean kudeatzeko”. Eta Aldundiak bi urte barrurako finkatua duen helburua betetzeko; 2016an, Gipuzkoako hondakinen %60 birziklatzera heltzeko.
Azpeitiako Udala, Zubietako erraustegia ez eraikitzearekin bat eginik
Errazkinek Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuen egun berean, ezohiko mozioa onartu zen Azpeitiko Udalean. Zubietako erraustegia ez eraikitzearekin bat egiten zuen testua onartu zen Bildu eta EAJ-PNV-ren aldeko bozkekin, eta Hamaikabaten abstentzioarekin. Mozioak dioenez, "Azpeitiko herritarrak ez dugu edozein motatako konponbidea onartzen hondakinen kudeaketan, eta guretzako nahi ez dugun kaltea ez dugu nahi Zubietako herritarrentzako". Bide batez, Lapatxeko zabortegia ixteko beharrezkoak diren azpiegiturak adosteko eskaera egin du udalbatza berak.