Atzo bazkalostean Guardia Zibilak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen aurka buruturiko polizia operazioaren baitan, zortzi lagun atxilotu zituen Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Mikel Almandoz, Aitziber Sagarminaga, Aintzane Orkolaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de Lacalle eta Asier Aranguren. Hedabideen arabera, zazpi Madrilen dira, Arantza Zulueta Bilbon. Guztiak komunikazio egoeran. Ez omen dituzte eramango gaur, Eloy Velasco epaiiearen aurrera.
Atxiloketokin batera, gaur goizaldera arte luzatu diren hainbat miaketa egin ditu Guardia Zibilak. Usurbildik gertuen Lasarte-Orian. Jose Camporen etxebizitza miatu zuten. Edo Hernanin, Jon Enparantza abokatuak udalerri honetan duen bulegoa. ETAren eta "haren presoen" arteko zubi lana egitea egotzi diete atxilotutako lagunei, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuenez.
Albistea jakin bezain laster mobilizazioak deitu ziren Euskal Herri osoan. Tartean Usurbilen. Iluntzeko 20:00etan elkarretaratzea burutu zen Mikel Laboa plazan, "Utzi bakean Euskal Herria, atxilotuak askatu" aldarripean. Bake bidean urratsak ematen dituztenen aurkako erasoa dela salatu zen. Eta orain, atzoko gertakarien aurrean, etsipenean sartu ordez, konponbidearen aldeko indarrak batu behar direla nabarmendu zuten.
Larunbatean Bilbora joateko deia
Zentzu horretan, Tantaz Tanta ekimenak larunbaterako Bilbon deitu duen mobilizazioetara joateko gonbita luzatzen zaie usurbildarrei. Udalerri honetatik, Bizkaiko hiriburura joateko autobus zerbitzua antolatu dute urtarrilaren 11n; goizeko 10:00etarako eta arratsaldeko 15:00etarako. Autobusean izena emateko orriak ohiko tabernetan jarriak daude.
Aurretik, atzoko atxiloketak salatzeko mobilizazio gehiago deitu dira. Gaur iluntzeko 20:00etarako elkarretaratzea deitua dago Mikel Laboa plazan. Bertan emango da atxiloketon inguruko azken orduko informazioa, baita egunotarako deituak dauden mobilizazioen berri ere. Bihar bestalde, hiriburuetako udaletxeetan elkarretaratzeak deitu dituzte eguerdirako. Hitzordu guztiotan parte hartzera deitu dituzte usurbildarrak:
Mobilizazioak
Urtarrilak 9, osteguna
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Urtarrilak 10, ostirala
12:00 Elkarretaratzea Donostiako udaletxe parean.
Urtarrilak 11, larunbata
10:00/15:00 Autobusak Usurbildik, "Tantaz Tanta" bilguneak Bilbon deituriko mobilizazioetara. Izen emateko orriak, ohiko lekuetan.